Berriak

2024/12/10 Erakusketak

Vanessa Barragãoren SUBMERSO IMERSO erakusketaren azken egunak

Cristina Eneako udazkeneko erakusketa datorren igandean, abenduak 15, amaituko da. SUBMERSO IMERSO da, Vanessa Barragão artista portugaldarraren ehun-teknikak uztartzen dituen erakusketa ederra.

Erakusketak irailaren 26an ireki zituen ateak, eta orain arte ia 3.000 bisitari izan ditu, eguneko 35 pertsona batez beste, 2021etik hirugarren erakusketa bisitatuena izanik.

Erakusketa igande honetan itxiko den arren, edozein gailutatik modu birtualean bisitatzen jarraitu ahal izango da, esteka honen bidez.

Inaugurazioan Cristina Enea Fundazioko erakusketa-proiektuen arduradun Eneko Calvok azaldu zuenez, "erakusketa honek biltzen dituen pieza guztien emaitza uretako mikrokosmos liluragarria da, bisitaria harridurazko eta intrigazko unibertso batera eramaten duena". Forma organiko eta fantastikoz osatutako erakusketak ozeanoen sakoneko izakiak gogorarazten ditu, eta "bisitaria itsas hondoetan murgildu nahi dute, itsas hondoa babesteko beharraz kontzientziatzeko, baita artista bere erakusketa- eta arte-proiektuak eta -proposamenak garatzera eramaten duten sorkuntza-prozesuetan ere", artistaren esanetan.

Erakusketa abenduaren 15ean itxiko da behin betiko.