2016ko otsailaz geroztik, bizikleten mugikortasunak baliabide baliotsua du Donostian: Zikloteka, Bizikletaren Dokumentazio Zentroa, Cristina Enea Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatua, Jasangarritasun departamentutik. Zikloteka aitzindaria eta erreferentziazkoa izan da dokumentazioa kontsultatzeko, bai teknikoa, bai aisialdiari eta kirolari lotutakoa.
Zikloteka izaera dibulgatzaile nabarmenarekin sortu zen, eta bizikleta mugikortasunarekin lotutako ondare dokumentala identifikatu, bildu eta zabaltzeko interesari eta beharrari erantzuten saiatzen da, horretarako hainbat tresna eskainiz.
Alde batetik, espazio fisiko bat du Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, eta bertan erabiltzaileek hainbat dokumentu kontsultatu eta maileguan har ditzakete, hala nola liburuak, argitalpenak, azterlanak edo txostenak, Ziklotekako langileek behar bezala katalogatuta eta sailkatuta. Zati fisiko horretan Ziklotekak bere katalogoan dituen funtsen zati bat baino ez dago, funts gehienak digitalizatuta eta bere web orrian (www.zikloteka.eus) gordeta baitaude. Webgune horren bidez, edonork egin ditzake kontsultak, bilatzaile bati esker, bilaketak egileen, gaien, hizkuntzen edo argitalpen-urtearen arabera iragazteko aukera ematen baitu, besteak beste. Horrela, Ziklotekaren webguneak dituen 2.800 dokumentu baino gehiago edonoren klik bakarrera daude, kontsulta eta, hala badagokio, deskarga egiteko.
Sortu zenetik, Ziklotekak lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu hainbat erakunde eta elkarterekin, hala nola ConBICI bizikletaren aldeko koordinakundearekin, Bizikletaren aldeko Hirien Sarearekin (RCxB) edo Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioarekin. Azken horrekin hitzarmen bat sinatu zen 2022 eta 2023 urteetarako, eta, horri esker, Zikloteka bizikletaren erreferentziazko dokumentazio-zentro bihurtu zen Espainian. MITMArekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak agerian utzi du Zikloteka zentro nazionala dela, Espainiako Gobernuaren bizikletaren estrategiaren barruan baitago, eta Aurrekontu Orokorretan berariazko zuzkidura baitu.
RCxB-rekin 2018an sinatutako hitzarmenari esker, bestalde, Ziklotekaren webgunean RCxB sareko bazkideek bizikleta mugikortasunaren inguruan sortu dituzten dokumentuak eskuratu ahal dira, eta 2024an lankidetza hori indartuko da RCxBk antolatutako online prestakuntza teknikoko saioetarako laguntza-dokumentazioa sortuz. Bizikletaren aldeko ConBICI koordinakundearekin lankidetzan Ziklotekak argitalpen banatan editatu ditu ConBICIk antolatutako azken bi kongresuetan aurkeztutako komunikazioak, Ziklotekaren presentzia erraztu du kongresu horietan eta Bizikletaren Dokumentazio Zentroaren edukiak zabaldu ditu koordinakundeko kide diren erakundeen artean.