Avilésen sortu baina bizitza erdia baino gehiago Berastegin (Gipuzkoa) bizitzen daraman María Cueto (Avilés, 1960) artistak bere unibertso sortzailean murgiltzeko proposamena egiten digu Hazi hegalariak erakusketaren bitartez, zeina Cristina Enean ikusgai egongo baita udako hileetan. “Hiru lan-sortaz osaturiko erakusketa da honakoa, eta bakoitzak Cristina Eneako jauregiko areto bat hartuko du”, azaldu du artista asturiarrak. Beheko solairuan, ‘Basoaren bihotza’ izenarekin, piñerina landareakin eginiko pieza fin eta delikatuak bildu ditu. “Zuhaitz ñimiñoak irudikatzen ditut, forma geometrikodun basoak sortuz, geometria oso garrantzitsua baita nire lanean, organikoa den edozerk duen kaosari harmonia ematen diola iruditzen baitzait”, azaldu du Cuetok. Horrela, espiral, esfera eta kono formako unibertso txikiak eraiki ditu artistak, bisualki eta estetikoki pieza dotore bezain delikatuak sortuz.
Haziek, bizi- eta berritze-sinboloak, leku nagusia dute María Cuetoren obran. Bere manipulazio artistikoaren bidez, Cuetok mirari natural txiki horien berezko edertasuna eta aniztasuna ikustera gonbidatzen gaitu. Hazi ñimiñoetatik hasi eta forma landuagoetaraino, artelan bakoitzak erakusten du artistak naturaren esentzia bera atzemateko eta bere artearen bidez transmititzeko duen trebetasuna. “Natura ez zaintzeak eragin lezakeen hauskortasuna islatu nahi dut nire lanarekin, oreka edozein unetan hautsi daitekeela ulertaraziz”. Baina, aldi berean, erabilitako materialekin naturak duen sendotasunaz ere jabetzea bilatzen du artistak, hauskorra dirudien horren barne-indarra.
Erakusketan dauden sailek askotariko gaiak aztertzen dituzte: basoen ugaritasuna, mugitzen ari den uraren bibrazioa, konstelazioen baretasuna gaueko zeruan. Teknika eta materialen konbinazio bakar baten bidez, Cuetok hausnarketara gonbidatzen duten eta inguratzen gaituen mundu naturalarekin lotura sakona pizten duten lanak sortzea lortzen du. “’Konstelazioak’ izeneko sortan bildutako lanak ere, esaterako, forma geometriko puruekin sortuta daude, baina erabilitako materialak ezberdinak izanik, eta interakzioak sortzen diren arren, azkenean piezak berriz ere forma geometriko puruetara itzultzen dira, harmonia berreskuratuz”.
Azken sorta, aldiz, ‘Urarena’ izenarekin, ilusio berezia egiten dion proiektua dela onartu du Cuetok. “Urarekin eta itsasoek bizi duten egoerarekin lotuta daude hirugarren sortako piezak, eta oraindik inork, ezta nik neuk ere, ikusi ez duen pieza bat izango du protagonista nagusi”. Artistak bere Berastegiko estudioan azken hileetan zatika egin duen pieza erraldoi bat izango da hori, Cristina Enean pieza guztiak lotu arte inork ikusi gabea. “Olatu erraldoi bat izango da, haziz egina, eta bisitariek alde batetik bestera pasatzeko aukera izango dute”. Horrez gain, hirugarren sala horretan, iturriak, ur-zurrustak, ur-tanta bat edota itsasoetako zenbait biztanle irudikatzen dituzten piezak egongo dira ikusgai.
Jarduera paraleloak
‘Hazi hegalariak’ erakusketak ostegun honetan, ekainaren 27an, irekiko ditu ateak, arratsaldeko 17:00etan izango en irekiera ekitaldi publiko batean. Bertan izango da María Cueto egilea ere, bertaratzen diren norbanako nahiz hedabideei erakusketaren inguruko xehetasun guztiak ematen eta bisita gidatua eginez.
Horrez gain, erakusketak ondorengo jarduera bereziak izango ditu, zehaztutako egun eta orduetan:
· Hitzaldia. Arte y naturaleza: diálogo entre creación y medio ambiente
Uztailaren 20an, larunbata, 18:30ean, Cristina Enean
Artea eta Natura: Sorkuntzaren eta Ingurumenaren arteko Elkarrizketak mahai-inguruak hiru ahots nagusi bilduko ditu: Santi Eraso, Julen Rekondo eta Cristina Enea Fundazioa. Maria Cuetoren “Hazi hegalariak” erakusketan kokatzen da topaketa hau, eta artistaren presentzia izango du. Zenbait praktika artistikok eta naturak elkar nola uztartzen, eragiten eta osatzen duten aztertzea du helburu.
Elkarrizketa aberasgarri honetan, artea edertasunarekin lotzen gaituen indar eraldatzailea nola izan daitekeen aztertuko dugu, eta, batzuetan, naturaren hauskortasunaz ohartarazten gaitu, gure ingurunea etorkizuneko belaunaldientzat babestera eta zaintzera inspiratuz. Artea eta Natura: Sorkuntzaren eta Ingurumenaren arteko Elkarrizketak jarduerak gizadiaren eta naturaren arteko etorkizun harmoniatsuago baten eraikuntzan hausnartzeko, ikasteko eta laguntzeko aukera paregabe moduan aurkezten zaigu.
· Bisita gidatuak
Uztailak 19, ostirala (gazteleraz) eta irailak 12, osteguna (euskaraz), 11:45ean. Izen-emateak www.cristinaenea.eus
Cristina Enea Fundazioak eta Ekain Galeriak María Cuetoren Hazi hegalariak erakusketaren bisita gidatuan parte hartzeko gonbidapena egiten dute. Erakusketa honek naturarekin dugun harremanean sakontzeko inspirazio iturri bat eskaintzen du, María Cuetoren lanen bitartez, honek bere eraikuntza artistiko poetikoak haziekin ehuntzen baititu. Baso oparoen miniaturetatik hasi eta zeruko konstelazioetaraino, obra bakoitzak inguruko edertasunari eta hauskortasunari buruz hausnartzera gonbidatzen du. Bisita gidatua Maria Cuetok, bere bikote eta kolaboratzaile Mariano Arsuagak eta Ekain Galeriako arduradun Rita Unzurrunzagak egingo dute. Aukera paregabea da artistaren lana zuzen zuzenean hobeto ezagutzeko.
· Musika emanaldiak: Soinu-haziak
Uztailak 13 (larunbata), abuztuak 10 (larunbata) eta irailak 7 (larunbata), 18:30ean. Izen-emateak www.cristinaenea.eus
David Azurzaren ahots-performance instrumentala María Vegarekin batera.
Soinuek, itxuraz hutsalak diren haziek bezala, botere izugarriko bizi-indar potentziala dute barruan.
María Cuetoren eskulturak eta haiek kokatzen diren espazioa inspirazio iturri dira soinuzko esku-hartze honetarako, pieza artistikoekin loturak eta elkarrizketak ezartzen dituzten soinu eta ahots elementu txikietatik abiatuta. Horrela, errealitate kontenplatibo berri bat eratzen da, hasierako itxurazko hauskortasuna gainditzen duena, bibrazio-entitate berri bihurtzeko: Bizitzaren korronte geldiezina.