Herritarrak naturatik eta bere zikloetatik gero eta deskonektatuago bizi garen egungo testuinguruan, naturarekin berriz konektatzen lagunduko diguten keinu txikiak oso onuragarriak zaizkigu. Horregatik, mini-baratze ikastaro bat antolatu du Cristina Enea Fundazioak, ezagutzak transmititzeko eta praktikan jartzeko. Hazteko leku askorik behar ez duten eta aldi berean sukaldaritza-erabilera duten espezieak eta landare-barietateak zainduz, hala nola espeziak, landare aromatikoak eta beste landare batzuk. Itsasne Mendiberri izango da ikastaroen arduraduna, Xomorro Taldeko kidea. Mendiberrik azaldu digunez, "ikastaroa bi egunetan izango da, apirilaren 18an eta 25ean, bi orduz, gazteleraz, Intxaurrondoko Kultur Etxean", eta saioen helburua izango da "balkoietan landatu eta erein daitezkeen landareen inguruan hitz egitea".
Sukaldean erabil ditzakegun landareen inguruan jardungo dute partehartzaileek, bakoitzaren berezitasunak eta erabilerak ezagutuz, esaterako espeziak, perrexila edota albaka, baina mintzagai izango dituzte, baita ere, balkoian landa daitezkeen sendabelarrak eta landare usanitsuak edo lurrintsuak ere, esaterako mihilua, erromeroa eta izpilikua, bai eta baratze arruntetan ateratzen diren barazkiak ere, gerezi-tomatea kasu. "Azken finean, landare-mota ezberdin asko dugu inguruan, bakoitza bere behar eta berezitasunekin, eta balkoi batean edota lur-sail txiki batean erraz aterako zaigu bata ez bada bestea; saiatzea da kontua", azaldu du Mendiberrik, eta gogoratu du saioan parte hartuko dutenen artean landaretxoak banatuko direla, nork bere etxeko balkoia martxan jar dezan.
Ikastaroaren xehetasunak
Datak: apirilaren 18 eta 25
Ordua: 17:00-19:00
Lekua: Intxaurrondo Kultur Etxea
Hizkuntza: Gazteleraz
Prezioa: 2 € (fidantza)
Izen emateak hemen.