Azken hamarkadetan egindako azterlan ugarik agerian utzi dute hirietako trafikoak eragina duela herritarrek arnasten duten airearen kalitatean. Metal astunak, hala nola beruna, zinka edo artsenikoa airean, ugaritu egiten dira ibilgailuen zirkulazioa trinkoagoa den kaleetan, eta arnas gaixotasunak dituzten pertsonen osasunean inplikatuta daudela berresten da, besteak beste. Horiek horrela, Cristina Enea Fundazioak eta Nafarroako Agrobioteknologiako Institutuak Fitoarakatzen ekimena jarri zuten abian Donostian, iragan otsailean, hiriko airearen kalitatea gramineoen bidez aztertzeko.
Bi hilabetez gramineo laginak izan dituzte 72 boluntariok beren etxeetako leiho eta balkoietan, lorontzietan kokatuta (horietatik 69 jaso eta aztertu dira, parte hartu duten boluntarioen % 95.8, alegia). Landare horiek, beren ezaugarriei esker, oso egokiak dira gisa honetako azterketetan, beren zelula-egituretan metal astunen presentziari buruzko datuak biltzeko duten joeragatik. Iker Aranjuelo CSIC-eko ikerlaria izan da ekimena koordinatu duena, eta ekimenaren aurkezpenean azaldu zuen bezala, helburuak hiru dira: batetik, “ibilgailuen trafikoak gure kaleetako eta hirietako airearen kalitatean duen eraginari buruzko informazioa eskaintzea”; bestetik, “herritarrei airearen karakterizaziorako teknika berrien garapen tekniko-zientifikoan parte hartzeko aukera ematea”; eta, azkenik, herritarrak ahalduntzea, “alternatibak proposatzeko eta airearen kalitatean eragina duten faktoreei buruzko espiritu kritikoa garatzeko”.
Orain, lagin horiek analizatuta, Aranjuelok emaitzen xehetasunak eta analisien emaitzak aurkeztuko ditu irailaren 28an, osteguna, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, arratsaldeko 18:00etan. Ekitaldira, ekimenean parte hartu duten boluntarioez gain, interesa duen edonor ere gonbidatuta dago, saioa irekia izango baita.
Joaterik ezin dutenek, zuzenean jarraitu ahal izango dute aurkezpena ondorengo loturan:
Zoom bilerara sartzeko lotura.
Bileraren ID: 891 0585 6469
Sarbide-kodea: 569348