Berriak

2023/1/26 Elkarrizketak

Eñaut Izagirre, geografoa eta glaziologoa: «\'Into the ice\' dokumentalak esplorazio geografikoa, glaziarren ikerketa eta eskalada uztartzen ditu munduaren azken muturrean»

Txilen kokatuta dagoen Darwin mendiguneko izotz eremuak klima-aldaketaren aurrean duen erantzuna eta dinamika ulertzeko ekarpena egin nahi du Into the ice proiektuak. 2022ko martxoa eta apirila artean eginiko ikerketa-espedizio horren bizipenen berri emateko, Andrew Opila zuzendariak izen bereko dokumentala ondu zuen iaz. Espedizioko kideetako bat izan zen Eñaut Izagirre elgoibartarra. Geografo eta glaziologo gipuzkoarrak hamarkada bat darama oin bat Euskal Herrian eta bestea Patagonia aldean. Dozena bat espedizio inguru egin ditu fiordoz, glaziarrez eta mendiz osatutako geografia hartan. Datorren asteazkenean, otsailaren 1ean, Donostian izango da, Victoria Eugenia Antzokiko Sala Cluben, Into the ice dokumentalaren aurkezpenean (19:00etan). Emanaldiaren ondoren, baita ere, solasaldia izango da geografo elgoibartarraren eta bertaratzen direnen artean.

Azaletik bada ere, zer kontatzen du 'Into the ice' dokumentalak?
7 lagunek 2022ko martxoa eta apirila bitartean Hego Amerikako hego muturrera egindako esplorazio espedizioaren istorioa kontatzen du filmak. Espedizioak esplorazio geografikoa, glaziarren ikerketa eta eskalada uztartu zituen munduaren azken muturrean, Suaren Lurraldeko (Txile) Darwin mendikatean.

Zer ondoriorekin itzuli zineten espediziotik? Zeintzuk izan dira emaitza nagusiak? 
Espedizioaren helburu nagusia Darwin mendikateko izotz eremuko goi-lautadak aztertzea izan zen, glaziarren eboluzioaren ezagutza handitzeko. Horretarako, elur-lagin ugari jaso eta ikerketa zientifikoak burutu genituen glaziar jakin batzuen goi- eta behe-eremuetan. Elur-laginak orain laborategi ezberdinetan daude. Bidenabar, aurrez inork zapaldu gabe zen Roncagli mendiko gailurrera igotzea lortu zuten taldeko bi kidek.

Zientzia eta abentura uztartzeko aukera izan zenuten bertan, ezta? Antartida eta Patagoniako eremu hura laborategi erraldoi baten gisakoak dira, klima aldaketaren arrastoa ederki antzeman baitaiteke bertan... 
Into the Ice proiektuak, espedizioaz haratago, Darwin mendiguneko izotz eremuak klima-aldaketaren aurrean duen erantzuna eta dinamika ulertzeko ekarpena egin nahi du. Laborategi natural bakana da eremu hori, Andeetako mendikatearen hego muturrean dagoena, eta Patagoniako izotz-eremu handien eta Antartikar penintsulako glaziarren arteko ikerketa gune aproposa. Hain da apartekoa ezen orain arte bertan egin izan diren ikerketa zientifikoak mendikatearen ertzetan izan dira, itsasotik gertueneko guneetan.

Ez da inguru haietan izan zaren lehen aldia, oker ez banago... 
Hamarkada bat igaro da jada Patagoniara joan nintzela Glaziologiako masterra egitera, Magallanesgo Unibertsitatera (Punta Arenas, Txile). Ordutik ia dozena bat espedizio burutu ditut fiordoz, glaziarrez eta mendiz osatutako geografia hartan. Entzutetsuena, ziur aski, 2016an burututako Incognita Patagonia espedizioa izan zen, National Geographic elkarteak emandako beka bati esker egin genuena.

Nori zuzenduta dago dokumentala? Abenturazaleei, naturzaleei, ingurumen kontuetan interesa dutenei...? 
Esango nuke edonork ikusteko pelikula landu duela Andrew Opila zuzendari eta espedizio-kideak. Hasieratik argi genuekan mendi-komunitateaz haratago publiko orokorrak ikus zezakeen pelikula nahi genuela eta hori da 30. minutuko iraupena duen honek eskaintzen duena. Esplorazio espedizio moderno baten istorioa kontatzen dugu, eskalada eta abentura berebiziko osagaiak dira, baina glaziarren ikerketari ere egin diogu tartetxo bat, zientzia-komunikazio modura.


Dokumentalaren emanaldia otsailaren 1ean, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan izango da, Victoria Eugenia Antzokiko Sala Clubean. Sarrera irekia eta doakoa, lekua bete arte.