1864. urtean eraiki zen Santa Klara irlako itsasargia, Donostiako portura sartzen ziren ontziei laguntza eskaintzeko. Orduz geroztik hainbat eta hainbat izan dira bertan bizi eta lan egin duten farozainak, baina informazio gehiena azkenengoari buruz daukagu: José Manuel Andoin. "Pasai San Pedroko Senekozuloa itsasargian egin zituen praktikak, eta ondoren, Santa Klarakora bidali zuten, hemen ardura bere gain har zezan", azaldu du Jose Mª Hernández Cristina Enea Fundazioko zuzendariak. Hernandezek kontatu duenez, Andoin bere amarekin batera, andre Mariarekin, bizi zen itsasargian, eta biek oso kontrako izaerak zituzten. "José Manuel oso pertsona irekia zen, eta irlara zetozten bisitariekin hitz egitea gustatzen zitzaion; bere ama, aldiz, oso itxia eta barnerakoia zen".
Azken farozainak zaletasun berezi zeukan, tiro olinpikoa. Diziplina horretan 4 olinpiar jokotan parte hartzeaz gain, Espainiako selekzioko entrenatzaile izatera ere iritsi zen, eta "oso ohikoa izaten zen Donostiatik entzutea tiro-hotsak, José Manuel irlan entrenatzen ari zen bitartean".
Ama-semeak hainbat urtez bizi izan ziren egun Cristina Iglesiasen Hondalea obra hartzen duen itsasargian, baina 1968an azpiegitura guztia modernizatu eta automatizatzean, Igeldoko itsasargira bidali zituzten. "Berez kokaleku hobea zen Igeldokoa, ez baitzegoen Santa Klara bezain isolatua, baina, antza, ama ez zen egokitu aldaketara eta 6 hilabetera hil egin zen", adierazi du Cristina Enea Fundazioko zuzendariak. Zorigaitza, ordea, ez zen María andrearen heriotzarekin amaitu. Izan ere, Hernándezek kontatu duenez, "hilabete gutxi batzuk geroago, José Manuel Andoinek, Santa Klara irlako azken farozainak, bere eskopeta kuttunena hartu eta bere buruaz beste egin zuen".
Santa Klara irlako fauna, flora, biztanleak eta kontu ezezagunei buruz gehiago jakin nahi baduzu, eman izena bisita gidatuen programan, hemen.