Berriak

2024/8/22 Hondalea

Santa Klara irlako sugandila

Santa Klara irla bat da, eta alderdi horrek animalia-espezie oso berezi baten bilakaera ekarri du: Santa Klarako sugandila edo Urgulleko sugandila, bi kokapen horietan bakarrik aurki dezakegun azpiespeziea. "Hasiera batean Donostiako badian bi irla zeuden, Santa Klara eta Urgull, eta bi eremu horietan isolatuta bizi zen sugandila espezieak berez ezaugarri propio eta ezberdinak garatu zituen", kontatu du José Mª Hernández Cristina Enea Fundazioko zuzendariak.

Podarcis liolepis sebastiani da azpiespeziearen izen zientifikoa, eta Hernándezen esanetan, ezberdintasun nabarmenak ditu euskal mendietan aurki dezakegun sugandila arruntarekin alderatuz gero: "Neurriari dagokionez, haundixeagoa da, eta ezkaten distribuzioa ere ezberdina dauka". Endemismo kasu horri esker, ezinezkoa da sugandila mota hau munduko beste edozein txokotan aurkitzea, eta horrek, balio handia ematen dio, Donostiaren altxor natural bihurtuz. "Orain arte lasai xamar bizi izan da sugandila azpiespezie hori gurean, baina azken boladan mehatxu berri bati egin behar izan dio aurre: pitiusetako sugandilari", kontatu du Cristina Enea Fundazioko zuendariak. "Duela urte batzuk sartu zen lehenengo aldiz jatorriz Balear uharteetakoa den sugandila hori Urgullen eta Santa Klaran, eta ondorioz, hemengo sugandilak konpetentzia berri bati egin behar izan dio aurre, bizirauteko beharrezkoak dituen elikagaiak lortzeko", azaldu du Hernándezek, espezie exotiko inbaditzaileek tokiko espezieei eragiten dizkieten kalteak azpimarratuz.

Santa Klara irlako fauna, flora, biztanleak eta kontu ezezagunei buruz gehiago jakin nahi baduzu, eman izena bisita gidatuen programan, hemen.