Berriak

2022/4/28 Uliako Interpretazio Zentroa

Ulia Interpretazio Zentroak “tximeleten oasi” bat izango du

Cristina Enea Fundazioa, Uliako Interpretazio Zentroaren bitartez, Zerynthia Elkartearekin elkarlanean ari da tximeletentzako habitat egokiak berreskuratzeko espazioak eta inguruneak sortzen, tximeleten oasiak izenekoak.

Donostiako Udaleko Ekologiako zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi duenez, “azken asteotan, boluntarioen laguntzarekin, espazio bat eraiki da Ulia Interpretazio Zentroaren aurrean, eta bertan, landare eta lore espezie ezberdinek tximeletek bizirauteko ingurune egokia izan dezaten lagunduko dute”. Garmendiak gaineratu duenez, oasi horrek “tximeleten berezitasunak eta bitxikeriak azalduko dituen informazio-panel bat izango du, eta Ulia mendia bezalako ingurune natural baten biodibertsitatearen mantentzean jokatzen duten zeregin erabakigarria azalduko du”.

Tximeleten eta beste ornogabe batzuen mehatxu nagusia haien habitatak suntsitzea edo aldatzea da. Hiri-inguruneetan, bereziki, arazo handia dago pestiziden erabilerarekin eta ingurunearen narriadurarekin lotuta, giza prozesuen ondorioz, hala nola hirigintza edo azpiegituren eraikuntza.

Arazo horri buruzko kontzientziazioa sustatzeko, Zerynthiak tximeleten oasi-sare bat jarri du abian, herritarren ekimena zuzenean inplika dadin kontserbazio-neurriak hartzen, animalien bizitzaren adierazpen ederrenetako batekin.

Familia giroko tailerra eta oasiaren inaugurazioa
Apirilaren 30ean inauguratuko da tximeleten oasi hau, jendaurreko ekitaldi xume baten bidez. Era berean, Zerynthia elkarteak tailer familiarra egingo du, oasiak zer diren eta bertako biztanle diren tximeleten bitxikeriak azaltzeko.

Izen-emateak irekita.