Berriak

2022/1/11 Erakusketak

Animalien alderdi barregarriena erakusteko argazki-lehiaketa Instagram bidez

Cristina Enea Fundazioaren egoitzan (Mandasko Dukea, 66 – Donostia) 2022ko martxoaren 13ra arte ikusgai egongo den erakusketan dauden irudiak eskuratzeko aukera eskainiko du Cristina Enea Fundazioak, argazki-lehiaketa baten bidez. "Badakigu erakusketako argazkiak munduko txoko ezkutuenetan egin dituztela profesionalek, denbora eta pazientzia handiz, baina jende arruntaren argazkiak jaso nahi ditugu, maskotei pose, jarrera eta egoera barregarrietan ateratakoak, edo natura-inguruneko eszena bitxienak, hala nola parke eta mendietakoak", azaldu du Eneko Calvo Cristina Enea Fundazioko erakusketa-proiektuetako arduradunak, eta parte hartu nahi duten pertsonek Instagram bidez egin ahal izango dutela gaineratu du, fundazioaren kontua aipatuz (@cristina.enea)..

Jasotako argazki guztien artean, deigarriena aukeratuko da eta saridunak erakusketan dauden argazkietako bat eskuratuko du. Gainerako irudien artean zozketa bat egingo da, eta zorionekoa den argazkiaren egileak erakusketan erakutsitako argazkien artean irudi bat ere jasoko du. Epaimahaikide lanetan Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko kideak izango ditugu laguntzaile. Aipatu elkartea, gainera, Cristina Enea Fundazioko neguko jardueren agendaren amabitxia da.

Era berean, argazkiak enkante bidez eskuratzeko aukera ere izango da. "Erakusketa bisitatzen duten pertsonei irudiren bat edo batzuk eskuratzeko aukera eskainiko diegu, bakoitzarengatik zer kopuru ordaintzeko prest leudeken esateko aukera eskainiz, eta erakusketa amaitzean, argazki bakoitzeko kopuru handiena eskaini dutenek, kopuru horren truke eskuratu ahal izango dute", azaldu du Calvok. Horrela, irudiekin bildutako diru guztia Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkarteari eta Gunung Palung Orangutan Conservation Program Save Wild Orangutans elkarteari emango zaie.