Aurkezpena
Hartutako Europa

Arkitektura: film mintzairak hitzaldi, proiekzio eta tailerrekin osatutako urteroko ziklo bat da, eta gure garaiko kategoria handienetako bat hartu nahi du aztergai: hiria. Gai hori, beste batzuekin batera –hala nola, migrazioak, ekonomia, austeritatea, desberdintasunak, aldaketa klimatikoa–, hain bilakatu da zabala, non ezin baita osorik jorratu; Saskia Sassenek dioenez, “...ez gara gai gertatzen ari den txar guztia harrapatzeko”.

Orain dela urte batzuetatik hona, programa honetan hainbat topaketa antolatu dira tokiko eta nazioarteko pentsalariekin –egile horiek beraiek proposatu dituzten filmak proiektatuz–, hiri-politiketara eta lurraldearen analisi geografikora gogoetazko hurbilpena eragiteko asmoz.

Julio Cortázarren Casa tomada –Hartutako etxea– ipuinetik abiatuko da aurten gure gogoeta: ikusi ezinezko indarrak familiaren etxeaz jabetzen ari direla sentitzen dute Irenek eta haren nebak, eta, indar horiek ezagutzeko gai ez izan arren, azken batean euren etxetik mugiarazi egiten dituzte anai-arrebak, behin betiko bidali eta kalera jaurti arte. Beldurra eta estutasuna dario kontakizunari: Europan gaur egun bizitzen ari den unearekin analogia ugari finkatzera garamatzaten gaitzak dira. Lasaitasuneko etorkizuna eraikitzeko eskubideak, bermeak eta prozedurak bazirela jakintzat ematen zen lur eremua egiazko mehatxupean dago, eta mehatxatzen duten indarrak, Cortázarren ipuinean ez bezala, identifikatzeko modukoak dira, egun argitan ikus daitezke. Gutxienez azken hamarkadetako albistegietan, kronika politikoetan, literaturan, artean eta pentsamenduan noraezean dabiltzan espektroak dira. Austeritateko eta prekarizatzeko politika neoliberalak dira, “krisi-operazioaren” ostean totalitarismo ekonomikoa harrapari arteko noraezean zabalduak. Migrazioen aurka altxatzen ari den nazioarteko segurtasun-kontrola da. Europaren immunitateko blindajea, gerra- eta terrorismo-formako indarkeriazko aurpegiaren aurrean: “kontinente zaharraren” funts arrazista eta koloniala bistarazi duena. Horrez gain, familia eta herri osoak euren lurretatik bidaltzeko prozesua ere bada, hondamendi ekologikoek, eraikitako azpiegitura berriek edo fluxu turistikoen eta birmoldatze ekonomikoen bultzada masiboak eraginda. Indar horiek guztiak gelditzen dira lurraldearen jabe, erre-produzitzeko eta errentagarri bihurtzeko, edo suntsitzeko. Lekualdatzea, etxegabetzea, bidaltzea, birkokatzea eta, horrenbestez, babeslekuaren bilaketa hurbil-hurbil dauden prozesuak dira, etxea –nazioz gaindiko esperientzia politikoa proiekta zitekeen Europa– “hartuta” dugula begien aurrean ikusita.

Arkitektura: film mintzairak zikloan, analisi filmikoaren eta lan-jardunaldien bidez, behin eta berriz azpimarratzen da egokia dela “Europa hartzen” ari diren prozesu ekonomiko eta politiko horiek aztertzea, eta prozesu sinbolikoak, antropologikoak eta estetikoak ere aintzat hartzea. Izan ere, ikus daitekeenaren eta ikusi ezin denaren artean gertatzen diren aldaketak funtsezkoak dira, nola orainaldiaren edozein azterketa egiteko, hala errealitatea eraldatzeko borondate jakin batean inspiratutako edozein proiektu garatzeko, zer irudika daitekeen eta zer ez erabakitzen duten aukerako baldintzetan.

Komeni da aipatzea gaur egungo ikusgarritasunaren alderdi erabakigarrietako bat hauxe dela: subjektuek jokatzen duten moduan jokatzen dutela, ez errealitate jakin bat ezagutzen ez dutelako, baizik eta, arazoak oinarrian nola egituratuta dauden ederki asko jakinda ere, benetan ez balekite bezala jokatzen dutelako. Izan ere, zerbait traumatikoegia denean ezin da errealitate bezala onartu, eta orduan errealitatea mamu-itxurako koordenada batzuek sostengatzen dute, ezkutatzeko prozesu batek, irudikapenen, praktiken eta zentzumenen ekoizpenak, betiere botere- harremanak zilegitzeko helburuarekin.

Horiek horrela izanik, neurri handi batean begirada menderatzailea plazaratzea, hedatzea eta ezartzea arautzen duten politika kulturalek eginkizun bikoitza betetzen dute –Miller-ek eta Yúdicek adierazi duten bezala–: Estatua egituratzeko forma moduan eta bizi estiloa egituratzeko sistema gisa, hau da, elementu biopolitiko gisa.

Europaren ideiak, eta, beraz, bertako herritarrenak, “balio europarrak” deitzen direnak ditu oinarrian: demokrazia, askatasuna, tolerantzia, ongizatea... Horiek gaur egungo globalizazioaren unibertsaltasun “errealaren” gainetik daude, eta “fikzio” lana egiten dute. Fikzio horretan, herritarrak, proiektu ideologiko erraldoiaren partaide sentitzean, edozein eratako indarkeria onartzeko prest dirudite, balio europar horiek (diotenez) mehatxatzen omen dituzten pertsonen aurka; bide batez, onartu egiten dute haien bizitzak prekarizatzea eta defendatzen omen dituzten eskubideak eta balioak haiei gutxitzea, edo areago, kentzea.

Balio europar gisa jotzen diren topikoen multzoa ideologikoki asimilatzeko prozesu horrek eta hori bera kritikarik gabe onartzeak ematen du herritar izaera. Mugek dute ardura Europako komunitatean sartzeko edo kanporatzeko baldintzak definitzeaz; komunitate hori, era materialean, urbanistikoan eta  arkitektonikoan ez ezik, prozesu irudimenezkoen, sinbolikoen eta semiotikoen bidez ere eraikitzen da.

Orduan, erritualak, zeinuak eta irudiak errenkadan ateratzean eta plazaratzean, berezko estatutua al du kulturak, desberdindu al daiteke kultura salgaitzat jotzetik harago, plusbalio ekonomikoaren ekoizle den kulturatik harago? Zein dira erreferenteak, errepresentazioko erregimenak, orainaldia gauzatzen duten kontakizunak eta iruditeriak? Zer harreman finka dezakegu politika kulturalen, gobernagarritasun neoliberalaren eta lurraldearen eraikuntzaren artean?

Herritar “integratuek” bat egiten duten lehiazko espazioa da hiria: kidetzak uzteko eremuetan eta prekarietate eta zaurgarritasun sozialeko eremuetan kokatzen dira kanporatuak, baztertuak, migratzaileak eta ahulduak (Robert Castel). Gune horretan biltzen eta lehiatzen da desberdintasun hori. Izan ere, alde batetik, kapital globalizatua hortxe gauza daiteke politika eta gizarte-mailetan, bere “une hiritarrean”. Beste alde batetik, hiriak mespretxatuenen multzo zabala biltzen du barruan: migratzaileak, pobreak, lesbianak eta queer-ak. Hirian aurkitzen dute horiek aktore politiko global bihurtzeko jokalekua, hiri handi globalean bereziki.

Aurtengo edizioan Gabriel Villota, Los Flamencos, Andrés Antebi eta Daniel Malet eta Isabell Lorey gonbidatu ditugu. Horien lan-esparru guztietan oinarrituta, praktikak eta ideiak eztabaidatu nahi ditugu, etortzekoa den demokrazia gauzatzeko erresistentzia-guneak sor daitezen, etxea hartzearen esanahia, etsaitasuna izan beharrean, abegi onarentzako gunea irekitzea izan dadin.