2019/09/24 08:00o..

Aizpea Goenagaren antzezlan berria aire irekian ikusgai Cristina Enea parkean: "Bidaia bat proposatu nahi diegu ikusleei, oroitzapenetara eginiko ibilbide bat”

“Jendeari Cristina Enea parkearen historia beste modu batera kontatu nahi diogu” adierazi du egile donostiarrak bere lan berriari buruz galdetuta. Goenagak dio parkeari lotutako “benetako gertaerak eta asmatutakoak” uztartuko dituela antzezlanak, ikusleak jakin ditzakeen gauzen eta ez dakizkienen artean jolas bat proposatuz.

Antzezlanak, ‘Cristina Enea 3, 2, 1… ekin!’ izenekoak, 3 zati izango ditu: lehenengoan Mandasko Dukesaren istorioa kontatuko da, eta istorio hori donostiar askoren haurtzaroko Cristina Enea parkeari lotua dagoen bigarren kontakizun batekin lotuko da. “Guretzat, umetan, Cristina Enea jolas-lekua zen” gogoratu du Aizpea Goenagak. “Guretzat hemen mundu magiko bat zegoen, fantasia askorekin, lamiekin etab. Hemen eraikitzen genuen gure fantasia guztia, hemen zegoen guztiarekin”. Izan ere, Aizpearentzat ezezik, donostiar askorentzat ere leku berezia izan ohi da Cristina Enea parkea, eta txikitako bizipen horiei lotu nahi izan dio Goenagak antzezlan hau. “Bidaia bat proposatu nahi diegu ikusleei, oroitzapenetara eginiko ibilbide bat”.

Antzezlanaren hirugarren zatiak bestelako protagonista bat izango du, eta ingurumenari lotuago egongo da. “Zati honetan naturari lotutako kontzientzia edo esnatze bat azaleratuko da, garai batean Gladys del Estalek eginiko lana, bere figura, naturarekiko orekak zer suposatzen duen ikusiko dugu”.

Antzezlanak bestelako protagonistak ere izango ditu, baina Goenagak nahiago izan du ezer ez aurreratu, ikusleari emanaldietan bertan ezustekoak eman asmoz. “Protagonistak guztiak emakumezkoak dira, parkeari, Urumea ibaiari eta Donostiari estuki lotuak”.

Cristina Enea Fundazioaren hamargarren urtemugaren testuinguruan sortutako antzezlanak aitzakia paregabea eskainiko die herritarrei parkera gerturatu eta antzerkitxo batez gozatuz arratsalde ederra pasatzeko, bakarka, familian edota haurrekin.

Emanaldiak irailaren 20an, 27an, urriaren 4an eta 11an dira, 17:30ean eta 19:00etan (saio guztiak elebitan dira).


SARRERA GUZTIAK AGORTUTA.