HidroLogikak

1860tik aurrera, bere harresiak eraitsiak izan ondoren, Urumea ibaiaren estuarioaren hareatza eta paduren gainean eraiki den hiria da Donostia. Ibaia eta itsasoa elkartzen ziren azalera zabalean, ibaiaren lehortzeak eta bideratzeak hainbat zabalgune, hiriaren erdigunea, Amara eta Gros auzoen eraikuntza ahalbidetu zituen.

Bideratze hau ibaian gora zabaldu da pixkanaka, lehenik Amara auzoan zehar, ondoren Loiolako Erriberetan gora eta oraindik orain Txomin eta Martutenen. Gaur egun, azken hauetan lanean dihardute. Urumea ubide urbanizatu bihurtu da, hala ere, bere tokia eskatzen jarraitzen du hirian, baita hiri eta ingurugiro politiketan arreta berezia ere. HidroLogikak proiektuak, ibaia entitate natural eta kulturala dela ezagutzera eman eta sustatu nahi izan du urtez urte. Ibaia, berezko historia, paisaia, izaera estetiko eta aberastasun biologiko, mitologiko eta magikoa dituen entitatea da.

Honen harira, pasa den martxoan, Zeelanda Berriko Whanganui ibaia lege aitzindari bati esker aitortua izan da. Naturarekin lotura espiritual eta sakona duten herri maoriarrek hamarkadatan zehar eskatzen aritu direna lortu dute azkenean, Whanganui ibaiari pertsona juridikoaren estatusa duen entitate bizidunaren aitortza ematea alegia. Hemendik aurrera, legearen aurrean, ibaia kutsatu edo kaltetzea eskubide, betebehar eta ardura propioak dituen pertsona fisikoa kaltetzearen parekoa izango da. Errekonozimendu hau bera Indiako Ganges ibaiari aitortu zitzaion egun batzuk beranduago. Ibai hau munduko ibai kutsatuenen artean dago nahiz eta 1.000 milioi indiarrentzat sakratua izan. Hemendik aurrera agente berriak, Ganges ibaiaren eta bere ibaiadar den Yamudaren garbitasuna, zainketa eta babesaz arduratuko dira.

Europan ordea, ura eta naturaren sakratutasunak ez du baliorik. Horren aurrean, Ibaiaren Kontratua izan da ibaietako ekosistemak industria eta hirien erasoen aurrean defendatzeko tresna juridikoa. Ibaiaren Kontratua Frantzian sortu zen 1990ean eta kudeaketa partehartzailea oinarritzat duen mekanismoa da. Bere helburua ibai zehatzei arreta berezia eskaintzea da, hauek zaindu, berreskuratu edo hauen egoera hobetzea alegia. Horretarako, ibaiaren arroa erabili edo inguruan bizi diren agenteak eta uraren erabilera eta kudeaketarekin lotura duten entitate pribatu zein publikoak inplikatuz.

Aitortza hauek lortzeko, gure ibaien izaeraz, sortzen duten biziaz, eskaintzen dituzten zerbitzuetaz eta ekosistema bizidun bezala eskaintzen duten guztiaz ohartzea behar beharrezkoa da. Horregatik aurtengoan, Bizi Urumea, Urumea bizirik! lelopean, hiritarrak ibaira hurbiltzea helburu duen jarduera programa aurkeztu dugu. Artea, natura, jolasa eta kirolaren ikuspuntutik, bizikidetza eta hurbiltze prozesuak bultzatzen dituen programa da. Ibaiaren ongizatea herriaren ongizateari hertsiki lotua dago, maoriarren esaera batek dioen bezala «ni naiz ibaia eta ibaia naiz ni». 

Proiektuen zerrenda ikusi