Ekolapiko

#Ekolapiko irudia

Ekolapiko bertako baserrietan ekoiztutako elikagaiekin elikadura ekologikoa eta osasuntsua ikastetxeetako jangeletan txertatzeko proiektu bezala 2006. urtearen amaieran eman zituen bere lehenengo urratsak, eta egun, hiru eragilek hartzen dute parte egitasmoan: Cristina Enea Fundazioa, Biolur eta ENEEK.

Donostiako Udalarekin elkarlanean, hiriko 3 haurreskolatan martxan jarri zen Ekolapiko bere hastapenetan, eta ondoren beste udalerri eta ikastetxe batzuetara hedatu zen: Usurbil, Beasain, Hernani, Oiartzun, Errenteria eta Ibarra. Segurako aterpetxea ere gehitu zen. Aurreneko esperientzien ondoren, denen balorazioa oso positiboa da orokorrean, bai elikagaien kalitatearengatik, bai eta baserritarrekin dituzten harremanengatik ere. Egun, 7 udalerritan dago indarrean egitasmoa, eta egunero batez beste 675 otordu ekologiko prestatzen dira. 

Bere hastapenetatik egitasmoak hiru ardatz nagusi izan ditu: osasuna eta hezkuntza; ingurumena; eta landa-garapena.

Egitasmo honek lehengaien ordezkapen hutsa baino are gehiago lortu nahi du, elikadura  orekatua, elikagaien gertutasuna eta honekin guztiarekin zerikusia duten gaien inguruko sentsibilizazioa ere lantzen baitu proiektuak. Hori erdiesteko, alde batetik haurren nutrizio beharrizanak aztertzen dira adituen laguntzarekin, eta bestetik, Donostialdeko Nekazari Ekologikoen Sarea eratu da, elikagaien bertako jatorria bermatu eta beren planifikazioa eta eskaintza landu asmoz.

Ekolapiko erantzukizun handia eskatzen duen zeharkako proiektu integrala da, txikienen osasuna zaintzeaz gain, ingurumenaren eta bertako landa garapenaren aldeko apustua egiten baitu. Honela, bertako ekoizpen ekologikoa optimiza daiteke, produktuen produktuen eta banaketaren antolaketa hobetuz. Elikadura eredu ona oinarrizkoa da haurrak haz daitezen, eta horrexegatik ikasleei eskaintzen zaien elikadura orekatua, garaian garaiko gaiekin eta era askotako jakiekin osatua egoteko helburua finkatu da. Gainera, gurasoei zuzendutako hezkuntza eskaintza osotu bat ere eskaintzen du Ekolapiko egitasmoak, aldizkari, bilera informatiboak, sukaldaritza ikastaroak eta ekoizpenguneetara bisitak eginez.

Proiektuen zerrenda ikusi