Cristina Enea parkean

Nola egin erreserba?

  1. Begiratu Hezkuntza Eskaintza hau eta aukeratu interesatzen zaizkizun jarduerak. Gogoratu jarduera didaktikoak hezkuntza-zikloka antolatuta daudela. 
  2. Izan eskura ikastetxeari buruzko datuak, erreserbatzeko behar izango dituzu eta. 
  3. Jarri harremanetan Cristina Enea Fundazioko Hezkuntza sailarekin, erreserba egiteko: Tel.: 943 453526 / E-mail: cristinaeneabisitak@donostia.eus / www.cristinaenea.eus
  4. Bisitaldia egin baino astebete lehenago, posta elektroniko bat jasoko duzu, hitzartutako jarduera gogoratzeko. 

Ekintzak

HAUR HEZKUNTZA

“Zaborrontxo gaixo dago” - 60 min.

Zaborrontxo gaixo dago, bere barruan dituen hondakin guztiek eragindako tripako min handi batekin. Haurrek zaborra sailkatzen lagunduko diote Zaborrontxori, gainerako pertsonaiak (haurrek erraz ezagutzen dituzten ontziak eta beste hondakinak) ezagutzen dituzten bitartean, eta hirian aurkitzen ditugun gaikako bilketarako edukiontzietan jarriko dituzte.
Helburuak: Sortzen ditugun hondakinak konponbidea behar duen arazo gisa identifikatu. Txikienak objektuen balio- bizitza luzatzearen premiaz kontzientziatu, berrerabilera eta birziklapena bultzatuz. 
Edukiak: Hirian hondakinak gaika biltzeko edukiontzi zabalduenen erabilera egokia: horia, berdea eta urdina 


LEHEN HEZKUNTZA – 1. ZIKLOA

“Hondakin arduratsuak” - 60 min.

Zaborra arazo handia da bizi garen kontsumo gizarte neurrigabe honetan. Normalean sortzen ditugun hondakinak Murriztu, Berrerabili eta Birziklatzeko nola banatu ikasiko dute ikasleek, froga, asmakizun, eta jolas desberdinen bidez. Amaitzeko, parte-hartzaile bakoitzak diru-zorro bat egingo du tetra-brik ontzi bat berrerabiliz. 
Helburuak: Hondakinek sortzen dituzten arazoez kontzientziatu. Objektuen bizitza luzatu, berrerabilera bultzatuz. 
Edukiak: Eguneroko ekintzetan erabiltzen dugun material kantitate izugarria. Hondakinak berrerabileraren eta birziklapenaren bidez murriztea.


LEHEN HEZKUNTZA – 3. ZIKLOA

“Hemen da Konposta!” - 60 min.

Materia organikoaren bilketa Donostian eta ia Gipuzkoa osoan zabaldu da dagoeneko. Tailer honetan, modu dibertigarri eta didaktikoan, hondakin organikoen banaketa nola egin landuko da, bai eta keinu sinple honek ingurumenean dakartzan onurak ere. Jolas baten bidez, galdera, froga eta asmakizunak gainditu beharko dituzte ikasleek, gizarteak sortzen dituen hondakinekiko jarrera ohitura arduratsuagoak barneratuz.
Helburuak: Hondakinek sortzen dituzten arazoez kontzientzia piztea . Hondakin organikoaren bilketa bultzatzea. 
Edukiak: Materia organikoa. Hondakin organikoak konposta bihurtzearen onurak. 


BIGARREN HEZKUNTZA

“Xaboi burbuilak” - 60 min.

Lantegi honetan, etxeko hondakinak (olioa, esaterako) kudeatzeko gaur egun gure hirian zer aukera ditugun berrikusten dira. Ondoren, erabilitako olioa berriz erabiltzen dugu, xaboia egiteko. Aukera hori paregabea izango da olioaren zein xaboiaren ezaugarri interesgarriak lantzeko. 
Helburuak: Lan esperimentalerako interesa piztu eta laborategiko segurtasun- eta garbitasun- arau guztiak errespetatu. Hondakinen bizitza luzatu, berrerabilera bultzatuz. Edukiak: Gainazal-tentsioa. Olioaren ezaugarri fisikoak eta kimi-koak. Xaboiaren ezaugarri fisikoak eta kimikoak.