2019/12/03 05:00o..

ECOEMBESek eta Cristina Enea Fundazioak luzatu egin dute elkarlanerako hitzarmena ikastetxe berriak ONdakin proiektuan sartzeko

ONdakin proiektua 2017an abiarazi zuten Cristina Enea Fundazioak eta Ecoembesek, Espainiako ontzien birziklapena koordinatzen duen ingurumen-erakundeak, eta San Markos Mankomunitatearen babesa du. Proiektuaren helburua ikastetxeetan sortutako hondakinak erabat bereiztea da, irakasleen, ikasleen eta senideen sentsibilizazio didaktikoaren bidez. Proiektua eskolan bertan hondakinen bilketa bereizia hobetzeko plan bat abian jartzearekin hasten da. Plan horrek edukiontzi berezi horiak (plastikozko ontziak, latak eta brikak birziklatzeko) eta urdinak (papera eta kartoia birziklatzeko) banatzea eta jartzea dakar, bilketa bereizia sustatzeko lekurik egokienetan. Bigarren fasean, proiekturako berariaz prestatutako jarduera didaktikoak eta hezkuntza-jarduerak programatzen dira, eskola-komunitate osoak parte hartzen duena, eta informazio iraunkorra ematen da seinaletikaren eta proiektuaren webgunearen bidez (cristinaenea.eus/ondakin). Uneoro ekintzen jarraipena eta ebaluazioa egiten da, etengabeko hobekuntza-prozesu batean.

Proiektua hasi zenetik, 64 ikastetxetan ezarri da modu mailakatuan, ia 33.000 ikasle birziklatzearen garrantziaz jabetzeko zerbitzu didaktikoa emanez. Bilketan hobekuntza planak martxan jarri ondoren, 1.300 edukiontzitik gora banatu dira plastikozko ontziak, latak eta brikak, kartoia eta papera eta beira biltzeko. Kontzientziazioaren eta sentsibilizazioaren atalean, azpimarratzekoa da bi ikasturte hauetan 6.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dutela, bai eta 2.800 irakaslek eta familiak jarduera didaktikoetan. Gainera, 2018/2019 ikasturte honetan, Hondar2050 dokumentalaren proiekzioa programatu da, eta ondoren, Cesare Maglioni zuzendariarekin solasaldia. Ikus-entzunezko honek bereziki jorratzen du itsasoa kutsatzen duten plastikoen eragina, eta Cristina Enea Fundazioak parte hartu du haren ekoizpenean. Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloan (2018) salaketa ekologikoa duen lan onenaren saria lortu zuen, eta Madrilgo Human Rights Film Festival jaialdian (2018) erdimetrai dokumental onenaren saria.

Lankidetza-hitzarmenaren gehigarri bat sinatuta, Ecoembesek eta Cristina Enea Fundazioak proiekturako funtsak handitzea adostu dute, proiektua Donostiako sei zentro berritan integratu ahal izateko. Kalkuluen arabera, 1.900 ikaslek hartuko dute parte zuzenean proiektuaren zabaltze honetan.