2020/11/24 06:00o..

Ecoembes eta Cristina Enea Fundazioak elkarlan hitzarmena berritu dute

ONdakin proiektua 2017an abiarazi zuten Cristina Enea Fundazioak eta Ecoembes Espainiako ontzien birziklapena koordinatzen duen ingurumen-erakundeak, eta San Markos Mankomunitatearen babesa du. Proiektuaren helburua da ikastetxeetan sortutako hondakinak erabat bereiztea, irakasleen, ikasleen eta senideen sentsibilizazio didaktikoaren bidez. Proiektua eskolan bertan hondakinen bilketa bereizia hobetzeko plan bat abian jartzearekin hasten da. Plan horrek edukiontzi horiak (plastikozko ontziak, latak eta brikak birziklatzeko) eta urdinak (papera eta kartoia birziklatzeko) banatzea eta jartzea dakar, bilketa bereizia sustatzeko lekurik egokienetan. Bigarren fasean, proiekturako berariaz prestatutako jarduera didaktikoak eta hezkuntza-jarduerak programatzen dira, eskola-komunitate osoak parte hartzen duena, eta informazio iraunkorra ematen da seinaletikaren eta proiektuaren webgunearen bidez (cristinaenea.eus/ondakin). Uneoro ekintzen jarraipena eta ebaluazioa egiten da, etengabeko hobekuntza-prozesu batean.

2020/2021 ikasturtea abian den honetan, proiektuan parte hartzen duten ikastetxeei material berria eskaini zaie. Aurten proiektuko webgunean baliabide didaktiko berriak igo dira, hainbat hezkuntza etapari zuzenduta. Ingurumenari eta birziklapenari buruzko hezkuntza eta ikaskuntza guztion eskura egon daitezen, adimen-urritasuna eta autismoaren espektroko nahasmendua duten haurrentzako jarduerak eta baliabideak garatu dira, Ecoembesen eta Ciudad Realeko Campo de Criptana udalerriko María Auxiliadora Hezkuntza Bereziko Zentroaren arteko lankidetzan. Euskadi mailan erabili ahal izateko material didaktiko guztia euskaratu da eta baliabide batzuk ere egokitu dira Gautena elkartearekin batera. Piktogramen bidez, ikasleek memoria jolasak landuko dituzte, hondakinen birziklatze zikloa nolakoa den ikasiko dute eta ikastetxeetan baliabide kontsumoa murrizteko ekintzak egingo dituzte. Gautena autismoaren nahasmena duten pertsonen familien elkartea da.

Proiektua hasi zenetik, 67 ikastetxetan ezarri da modu mailakatuan Ondakin ekimena, ia 33.000 ikasle birziklatzearen garrantziaz jabetzeko zerbitzu didaktikoa emanez. Bilketan hobekuntza planak martxan jarri ondoren, 1.500 edukiontzitik gora banatu dira plastikozko ontziak, latak eta brikak, kartoia eta papera eta beira biltzeko. Kontzientziazioaren eta sentsibilizazioaren atalean, azpimarratzekoa da aurreko bi ikasturteetan 6.500 ikaslek baino gehiagok parte hartu dutela, bai eta 3.000 irakaslek eta beren familiek jarduera didaktikoetan ere.

Lankidetza-hitzarmenaren gehigarri bat sinatuta, Ecoembesek eta Cristina Enea Fundazioak proiekturako funtsak handitzea adostu dute. Aldi berean, ONdakin proiektuan eta Cristina Enea Fundazioak egiten dituen beste jardueretan Gautenarekin lan egingo da.