2019/11/20 04:00o..

Donostiako Udala eta Añarbeko Urak borrokan “estoldako munstroa"-ren aurka

Aguas del Añarbe-Añarbeko Urak-ek eta Donostiako Udalak bat egin dute uraren sektoreko ehunka erakundeekin, “Ez elikatu estoldako munstroa” izena duen sentsibilizazio kanpaina egiteko xedearekin sinatu duten Atxikitze-aitorpenarekin. Helburua da, hiritarrak ohartarazi toailatxo higienikoak komunetik botatzeak eragiten dituen ondorioez eta, aldi berean, ohitura arduratsuagoak sustatzea isurketa horiek saneamendu-sarean eragiten dituzten buxadurak ekiditeko.

Euskadiko ur-erakunde nagusiek (Uraren Euskal Agentzia, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Aguas Municipales de Vitoria-Gasteiz, Txingudiko Zerbitzuak eta Aguas del Añarbe-Añarbeko Urak eta Donostiako Udaleko Gune publikoetako zinegotzigoak) hartu dute parte ekimen honetan, Asociación Española de Abastecimiento de Agua y Saneamiento (AEAS) erakundeak sustatua izan dena.

Kanpaina honek agerian jarri nahi ditu, komunetik botatzen diren produktuek (batez ere ehuna duten toalla higienikoak), auzokide-elkarteetako hodietan eta udal estolderia zerbitzuetan (ponpaketa-estazioak eta araztegiak barne) eragiten dituzten butxaduren ondorioak: ingurunekoak eta ekonomikoak. Hona hemen batzuk:

Añarbe eremuaren antzeko batean (hamar udalerri eta 315.000 biztanle) urtean 10 kg hondakin jaso daitezke pertsona bakoitzeko.

Buxadurek kolektoreak itxi ditzakete edo hondakin-uren ponpaketa-estazioak geldiarazi, eta horrek eragin ditzake hondakin-uren isurketak ibai edo ubideetara eta, nola ez, itsasora.

Toallatxoak komunetik botatzeak pertsona bakoitzeko eta urteko 4 eta 6 euro arteko gainkostuak eragin ditzake sareen mantentze-lanetan; Gipuzkoan, 3,5 milioi euroko gainkostua izan dezake.

Kanpainaren ardatza da komunaren erabilera arduratsua, eta gogorarazten du toallatxoak eta higiene-produktuak fabrikatzen dituzten enpresek informazio argia eta zehatza eman beharko liekeela kontsumitzaileei produktu horien errefusa-metodoei buruz. Ildo honetan, toallatxoak eta higiene-produktuak argi etiketatuak egon behar dute eta zaborrontzian edo paperontzian bota behar dira. Gogorarazi nahi da, orain dela gutxi onetsi dela UNE 149002:2019 Araua, “Komunetik bota daitezkeen produktuen irizpidea”ri buruzkoa.

Publizitate kanpaina
Donostiako Udalak eta Aguas del Añarbe-Añarbeko Urak-ek ekintza ezberdinak burutuko dituzte datozen asteetan, komunaren erabilera egokia sustatzeko helburuarekin.

Alde batetik, Gune publikoetako zinegotzigoak kanpainaren kartelak jarriko ditu udal eraikinetako sarbide publiko guztietan: kiroldegiak, kultur etxeak, udal bulegoak, antzokiak, etab. Kanpainaren azalpen liburuxkak ere herritarren eskura jarriko dira, saneamendu sarean hondakinek sortutako kalteak nabarmenduz. Era berean, irratian mezu berari buruzko iragarkiak entzungo dira.

Bestalde, Añarbeko Urak-ek Donostiako autobusen kanpoaldean eta Euskotren-en bagoietan publizitate hiru aste iraungo duen publizitate kanpaina egingo du.

2017ko buxadura larria
2016. urteaz geroztik, Euskadiko uraren erakunde nagusiak elkartu dira komunaren erabilera egokiari buruz herritarrak kontzientziatzeko jarduketa ezberdinak aurrera eramateko (sentsibilizazio kanpainak, erakusketa ibiltariak, jardunaldiak, eta abar), baina oraindik ere arazoak jarraitzen du, hor dago, adibide gisa, 2017ko irailean Loiolako araztegira ailegatzen diren hiru kolektoreetako batean aurkitu zen buxadura larria.

Gutxi gorabehera 60 tonako masa erraldoi batek 3,5 kilometroko luzera eta 1,60 metroko diametroa duen kolektore bat itxi zuen, alegia Oarsoaldeako (Oiartzun, Lezo, Errenteria eta Pasaiako) hondakin-urak Herrerako ponpaketa-estaziotik Loiolako araztegira garraiatzen dituena.

Gertakari hartan, aipatu diren lau udalerrietako hondakin urak zuzenean itsasora desbideratu behar izan ziren (hau da, Loiolako araztegitik igaro gabe), kolektorea irekitzeko behar izan ziren 52 egunetan.


Iturria: Donostiako Udala eta Añarbeko Urak