Berriak

2018/6/19 Cristina Enea FundazioaIngurumen Baliabideen Etxea

Zinema, liburutegia eta hamakak aire zabalean udan Cristina Enean

Uda iristearekin batera Cristina Eneako parkeak bere txokoetaz gozatzeko are arrazoi gehiago eskaintzen dizkie bisitariei. Cristina Eneako aire zabaleko urteroko zinemaldiari, aurten Hamakenea eta Ubik Parkean ekimenak gehitzen zaizkie, parkean zehar sakabanatutako hamakekin lehena, eta aire zabaleko liburutegi bat bigarrena.

Aire zabaleko zinemaldiaren zazpigarren edizioak, beste behin ere Tabakalerarekin elkarlanean antolatua, inbasioen gaia jorratuko du aurtengoan. ‘Lorategi inbaditzailea’ da Cristina Eneako udako erakusketaren izenburua eta bertan planteatzen da landare inbaditzaileen lorategi botaniko bat eraikitzea, bai eta hausnarketa egitea ere beste lurralde batzuetatik datozen landare arraroen, landare horiek hedatzeko duten gaitasunaren eta bertako espezieekin lehiatzen diren moduaren inguruan. Gai hori abiapuntutzat hartuz, landareek beste lurralde batzuetara egiten duten inbasioaren zentzua zabaltzeko bost filmen emanaldia egingo dugu, urtero bezala: landare-erasotik okupazio politiko, umorezko eta kulturalera. Ondoren zehazten dira datak eta emango diren filmak, guztiak 22:30ean Cristina Enea parkeko sarrera nagusiko zelaian, lehena izan ezik, Tabakaleran izango baita, 20:00etan.

Ekainak 23, larunbata (20:00): Invasión
Ekainak 28, osteguna (22:30): The gods must be crazy (JBAES)
Ekainak 29, ostirala (22:30): Bienvenido, Mr. Marshall
Uztailak 5, osteguna (22:30): Kaze no Tani no Naushika (JBAES)
Uztailak 6, ostirala (22:30): Attack of the killer tomatoes (JBAES)

Azkenengo emanaldi hori zuzeneko komedia-saio berezia izango da, Aitziber Garmendia eta Getari Etxegarai aktoreekin.

Hamakak eta liburutegia aire zabalean
Zine zikloaz gain, aurten beste bi ekimenek ere eskainiko dute parkeaz aire zabalean gozatzeko aukera. Parkeko goiko aldean, Ingurumen Baliabideen Etxearen ondoan, uztailean eta abuztuan, Tabakalerako Ubik liburutegiaren zati bat Cristina Enea parkera aterako da, liburutegi-zerbitzua jendearen eskura egon dadin, ohiz kanpoko eta erraz iristeko moduko ingurune udatiar horretan. Maileguz hartu ahal izango dira Ubikeko eta Cristina Eneako liburutegietako funtsetako liburuak, aldizkariak eta jolasak, eta baita aire zabaleko hainbat jardueraz gozatu ere. 

Jendearen eskura jarriko diren materialen artean, artearekin, pentsamendu garaikidearekin eta ingurumen-gaiekin lotutako ehunka liburu aurkituko dira, Ubikeko liburutegiak eta Cristina Eneakoak gomendatutakoak. Horrez gain, bestelako irakurgaiak ere egongo dira, hala nola aldizkariak, eta baita mahai-jokoak ere, banaka nahiz taldean aritzeko.

Halaber, bere izaerari eta ohiko eskaintzari jarraituz, normalean liburutegiaren barruan egiten diren jarduerak egingo dira parkean, leku horretarako berariaz diseinatu diren beste batzuekin batera.

Udako hileetan Cristina Eneako parkean abian jarriko den beste proiektua izango da HAMAKENEA, hamaka eta aulki zintzilikarien aldi baterako instalazioa. Ekimen honi esker parkea beste ikuspegi batetik begiratzera eta esperientzia berri bat gozatzera gonbidatuko ditugu bisitariak. Atseden hartu eta aire zabalaz gozatzeko lekua izango da, naturarekin bat egiteko, txorien kanta entzutzeko eta zergatik ez: lo kuluxka egiteko. Egonaldi atsegina eta osasuntsua pasatzeko aukera paregabea da, non gorputza eta adimena hamaken kulunka gozoaren bitartez erlaxatuko diren. HAMAKENEAn 3 eta 9 urte bitarteko haurrek ere jolastu eta esperimentatu dezakete, parkearen gozamena areagotuz.