Berriak

2021/1/13 ErakusketakUrtaroko Pieza

Vasco de Campingeko Maritxu Urreta aitzindariaren eski eta makilak, ikusgai Urtaroko Pieza erakusketan

Vasco de Camping bera oso kontziente da Maritxu Urreta donostiarraren figura handiaz, baina, aldi berean, publiko orokorrarentzat ezezaguna dena. Zalantzarik gabe, emakumea asko nabarmendu zen bere garairako, eta hainbat gaitan emakumearen parte-hartzearen alde egin zuen, hala nola ingurumenean, itzulpengintzan, ilustrazioan edo euskaran.

Rafa Elorza klubeko presidentearen hitzetan, "aitzindaria izan zen; XX. mendearen hasieran, Gerra Zibilaren aurretik, emakume izatea zer zen pentsatu behar da, eta, adibidez, bera bakarrik joaten zen hainbat lekutara, mendira, esaterako". Hori gutxi balitz, kontuan izan behar da Urreta izan zela klubeko zuzendaritzako emakume bakarra garai hartan, bazkide fundatzaile izateaz gain.

Hain zuzen ere, 30 edo 40ko hamarkadako bi eski eta bi bastoi dira tresnok, "Norvegiatik ekarriak garaiko teknologiarekin", Elorzaren esanetan. Cristina Enea Fundazioaren egoitzan 2021eko martxoaren 14ra arte ikusgai izango diren objektu historikoak, 'Urtaroko Pieza' izeneko erakusketa ekimenaren barruan. Beheko bideoan azaltzen da zein objektu mota diren eta nor zen Urreta, zehazki. Baita PDF batean informazio gehiago ere. 

'Urtaroko Pieza' Gipuzkoako zientzia eta kultur erakundeen bildumetako piezen hiru hilean behingo mikroerakusketen programa da, ingurumenarekin eta zientziarekin zerikusia dutenak. Ekimen honen helburua da bilduma hauen ezagutzan sakontzea.

Izan ere, fundazioak gure lurraldeko hainbat erakundetan lantzen dituen gaiekin lotutako pieza asko daude, eta horiei gune berezi bat eskaini nahi zaie Cristina Enea parkean dagoen Ingurumen Baliabideen Zentroan. Ikusgai dauden piezak ingurumenarekin, kulturarekin eta zientziarekin lotutakoak izango dira.

Informazio gehiago: 'Urtaroko Pieza'. Zertan datza?