Berriak

2020/10/9 Cristina Enea Fundazioa

Mandasko dukeak jauregira itzuli dira lapurreta gertatu eta sei hilabetera

Joan den apirilean, konfinamendu garai betean, hainbat ezezagun Cristina Enea jauregira sartu ziren gauean, Cristina Brunetti dukesaren margolan bat kaltetuz eta Fermin Lasala dukeari eskainitako beste bat lapurtuz. Sei hilabete geroago, bi margolanak jauregira itzuli dira eta Mandasko Dukearen bulego zaharrean daude ikusgai.

[BIDEOA ALBISTEAREN AMAIERAN]

Cristina Brunettiren margolanak kolpeak eta urradurak jasan zituen lapurren aldetik, eta hilabete hauetan Donostiako Ovalo enpresako zaharberritzaile artistikoen tailerrean egon da, Donostian. Adituek azaldu dutenez, "zaharberritzearen emaitza oso ona da, asko hurbildu behar zara konponketaren zantzuak ikusi ahal izateko, eta buelta eman arte ez zara konturatzen jasan duen kalteaz". Cristina Fernandez zaharberritzailearen esanetan, prozesua luzea izan da, batez ere "mihisearen deformazioak kendu behar zirelako, eta, bitxia bada ere, gehiago kostatu da urteotan sortu diren zimurrak zuzentzea, hautsitakoak baino".

Enrique Ramos Donostiako Udaleko ekologiako zinegotzi ordezkariak jakinarazi duenez, "konponketa lanak hiru hilabetez luzatu dira, eta haren ren kostua 1.500 €-tik gorakoa izan da, eta aseguruak bere gain hartu du", eta gaineratu duenez, "koadroa jatorrizko lekuan jarrita dago jada, Mandasko dukearen bulego zaharreko hormetako batean, Cristina Enea jauregian".

Mandasko dukearen koadroaren erreplika
Bestalde, Mandasko dukearen koadroa ezin izan da berreskuratu lapurretaren ostean, eta kopia bat egin behar izan da. "Lapurrek originala eraman zuten, eta zoritxarrez, orain arte ezin izan da berreskuratu; horregatik, erreprodukzio digitala egin behar izan dugu, eta ohiko lekuan jarri dugu, dukesaren erretratuarekin batera, bulego berean", adierazi du Txema Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak.