Berriak

2018/7/26 Ingurumen albisteak

Zaintzea kostatzen dena baino bost aldiz gehiago balio dute basoek

Basoetako bioaniztasunaren balio ekonomikoa urteko 166.000 eta 490.000 dolar artekoa da, mundu mailan kontserbaziorako neurri eraginkorrak hartzea kostatuko litzatekeena baino bost aldiz gehiago. Hori da Global Forest Biodiversity Initiative (GFBI) egitasmoak eginiko, eta Science aldizkarian argitaratutako ondorio argigarria.

Lan horretan parte hartu dute 30 herrialdetako ikerlariek, AEBetako West Virginia Unibertitateko Jingjing Liang, Minnesotako Unibertsitateko Peter B. Reich eta Yaleko Unibertsitateko Thomas W. Crowther buru zituztela. Ikerlariek aztertu dute bioaniztasunaren (zuhaitz-espezie kopurua) eta basoen emankortasunaren arteko erlazioa.

"Erlazio hori ezagutzea ezinbestekoa da bioaniztasuna ekonomikoki ebaluatzeko eta kontserbazio biologikoa eta gizateriaren garapen sozioekonomikoa txertatzeko", azaldu du Lleidako Unibertsitateko ikerlari eta GFBko zuzendaritza-komiteko kide Sergio de Miguelek. "Bioaniztasunaren galerak eragin dezake basoko baliabideengan mendekotasuna duten landaguneetako biztanleen ahultasunaren gorakada".

Basoak dira lurrean bioaniztasun gehien biltzen duten gordailuak, baina deforestazioak eta klima-aldaketak zuhaitzen espezieen erdiak mehatxupean dituzte. Ikerketa honetarako ikerlariek 777.126 lursail aztertu dituzte, non 30 milioi zuhaitz baino gehiago neurtu dituzten, mundu osoko 44 herrialdetan sakabanatutako 8.737 espezietakoak. Ikerturiko azalerak lurreko biomasa zatirik handiena da. Orain arte, gisa honetako azterketek eskualde eremuko datuak erabiltzen zituzten.

"Datu-base global bakarra erabiliz aurkitzen dugu zuhaitzen aniztasunak biomasa ekoizpena hobetzen duela mundu mailan. Horrek esan nahi du mundu osoko egur erreserbak eta karbono metatzea erori egingo direla gure basoetan zuhaitz espezieak galtzen jarraitzen badugu", adierazi du Thomas W. Crowtherrek.

"Erlazio zuzena dago baso bateko zuhaitz aniztasunaren eta eskaintzen duen onura ekonomikoen artean. Gure ikerketaren datuek argi uzten dute bioaniztasunaren balioa, baso-kudeaketako estrategiak eta kontserbatzeko garaian dauden lehentasunak birkalkulatzeko beharra", azpimarratu du ikerketaren egileetako bat eta Zientzia Naturalen Museo Nazionaleko ikerlari Fernando Valladaresek.


Irakurri albiste osoa hemen.