Berriak

2016/4/7

HidroLogikak. Ibaitik badiara: ibaiaren eta hiriaren arteko elkarbizitza hobetzeko jarduera eskaintza zabala

Urumearen memoria historikoa, kulturala eta ingurumenari lotutakoa berreskuratzen saiatuko dira urte osoan zehar burutuko diren ia ehun jarduerak. Erakusketek, tailerrek, solasaldiek eta irteerek, bestelako jardueren artean, ibaiarekiko harreman berriak sustatuko dituzte.

Argazkia: I?aki Rifaterra

HidroLogikak egitasmoaren seigarren edizio hau, 'Ibaitik badiara’ izenburua duena, otsailetik azarora arte luzatuko da besteak beste erakusketekin, tailerrekin, hitzaldiekin eta irteerekin osatutako egitarau luze-zabalean, eta ibaiarekiko elkarbizitza prozesu berriak bultzatuko ditu, bai eta bere urei ematen diegu erabileraren inguruan hausnarketa piztu ere. HidroLogikak egitasmoaren edizio honek Cristina Enea Fundazioaren, Donostia 2016 Fundazioaren eta AEIP-ren (Paisaiaren Ingeniaritzaren Espainiako Elkartea) elkarlanean oinarritzen du antolakuntza, eta eragile eta erakunde publiko zein pribaturen kolaborazioa eta Grupo Moyuaren babesletza dauka.

Seigarren edizio honen helburuetako bat izan da publiko gehiagorengana jotzea eta iristea, ez kuantitatiboki soilik, baizik eta kualitatiboki ere. Jarduera berriak diseinatu dira partehartzaileen tipologia zabaltzeko eta gustu eta sentsibilitate ezberdineko pertsonak biltzeko helburuarekin. Proposamen ezberdinen artean, haur eta gaztetxoenei zuzendutako jardueren eskaintza zabaldu da.

Programazioa lau ‘ibaibide tematikotan’ sailkatu da, horietako bakoitzak ibaiadar propioak dituelarik, jarduera itxurarekin.

1.- Ura ondasun komuna da
Lehenengo ibaibideak, ‘Ura ondasun komuna da’ izenekoak, urarekin erlazionatutako arazoen inguruan hausnarketa politikoa eta antropologikoa sustatu nahi du. Azken hamarkadetan, urarekin zerikusia duten arazoek, mahai gainean jarri dituzte besteak beste, antolaketa politikoaren eta lurralde antolaketaren arteko harremanei, kudeaketa publikoari, demokraziari eta natura baliabideei dagozkien kontuak; halaber, pribatizazio politikak eta uraren merkantilizazioa arbuiatzen duten ondasun komunen eta udalen defentsarako mugimenduak sortu dira. Besteak beste, lehenengo ibaibide honetan Peter Cusackek zuzendutako tailer bat eta Annea Lockwooden hitzaldi bat aurkituko ditugu.

2.- Ura zirkulazioan
Bigarren ibaibideak ibaiaren eta hiriaren arteko elkarbizitzari buruzko gogoetabidea sustatu nahi du. ‘Ura zirkulazioan’ izenburupean, ibaibide tematiko honek, Urumea ibaiak zernahi lurralde antolaketatan duen potentziala eta zeresan biologiko, sozial eta estetikoa nabarmenduko du, eta, beraz, hidrologiaren eta hirigintzaren eremuetan, zirkulazioa, arriskua eta higienea bezalako nozioak birpentsatzeko beharra. Helburua Urumea ibaia hiriarentzat berreskuratzea da, eta gogoetak eta alternatibak planteatzea uren kanalizazioak, obra hidraulikoak eta hirigintza eraldaketak direla eta sortutako arazoen aurrean. Bigarren ibaibide honetan azpimarratzekoa da irteeren eskaintza zabala, bai ibaitik zehar, baita bere ertzetatik edota bere iturburura ere, besteak beste.

3.- Urumea ibai-sistema gisa
Honakoa hirugarren ibaibidea izango da eta paisaia da ibaibide honetako kontzeptu giltzarria; alta, gure begirada, ibairantz, bere ekosistema gizatiarturantz itzultzea da asmoa. Begirada hori hiru osagaik eratzen dute: alde batetik, lurraldeak, ibaialdearen eremua delako eta bertan ematen direlako gatazkak eta bertan aurki daitezkeelako konponbide posibleak; kulturak, ezen historiak, ondareak eta arteak harengana gehiago hurbiltzen, hura interpretatzen eta gogoratzen lagun baikaitzakete; eta, azkenik, gizarteak, zeren lurraldean ez baita hura bizi dutenena ez den beste adimenik. Besteak beste Bernard Lachatek zuzendutako bioingeniaritzari buruzko hainbat tailer izango dira ibaibide honetako jarduera aipagarrienak, bai eta Bioingeniaritzaren Europako Federazioaren Nazioarteko Biltzarra ere.

4.- Uraren memoria
Azkenik, egitarauaren laugarren ibaibidea ibaiei eta urari lotutako historia eta tradizio korronteek zeharkatuko dute memoria sortzeko eta berreskuratzeko ekimenak direla medio. Historia, halaber, espazioak, denborak eta jakintzagaiak zeharkatzen dituen ibai gisa irakurriko da, non ahozko memoriek beren jarioaren aldarri egiten jarraitzen baitute Historiaren ezartze idatziaren aurka. Laugarren ibaibide honetan azpimarratzekoak izango dira Bego?a bernalen “Uraren oroimenak” erakusketa, martxoak 10 eta ekainak 12 artean irekia, eta Urumea ertzean urriaren 29an izango den bertsolaritza emanaldia.

Egitarau luze eta interesgarri honen bidez, jarduerak Gipuzkoako nahiz Nafarroako lurretatik zehar sakabanatuko dira, Urumearen urek bi lurraldeak zipriztintzen dituen modu berean, eta Europako beste hainbat ibairekin sortzen dituzten loturen antzera.

Kontultatu HidroLogikak. Ibaitik badiara egitasmoaren egitarau guztia, albiste honek atxikituta duen dokumentuan.