Berriak

2019/10/21 Bizikletaren BehatokiaCristina Enea Fundazioa

#Erronkleta ekimenagatik tokiko antolatzaile onenaren saria jaso du Cristina Enea Fundazioak Budapesten Europar Batzordearen eskutik

Bigarren urtez jarraian Europar Batzordeak sustaturiko Social Biking ekimenean tokiko antolatzaile onenaren saria eskuratu du Cristina Enea Fundazioak iragan urriak 18an, #Erronkleta izeneko erronkari esker. Hiru astez, #Erronkleta ekimenak – ekimena Donostian horrela bataiatu da– mugikortasun eredu eta ohitura jasangarri eta osasungarriak sustatu ditu herritarren artean, bizikletaz egindako joan-etorriak saritzen dituen lehiaketa baten bidez.

142 parte-hartzailek eman dute izena aurten Donostiako erronkan (gizon eta emakumeen artean modu ekitatiboan banatuta), guztira 4.756 kilometro eginez. Ekimena Donostiako Bizikletaren Behatokiak koordinatu du, eta bere parte dira Cristina Enea Fundazioa, Donostiako Udaleko Mugikortasun Saila eta Kalapie hiriko txirrindularien elkartea.

Europar Batzordeak hiru irizpide hartu ditu kontuan Cristina Enea Fundazioa Europako toki-erakunderik onena dela baloratzeko orduan:

  1. Biztanle bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua (parte-hartzaile aktiboen kopurua, hiriko biztanleei dagokienez).
  2. Parte-hartzaileek lortutako puntu sozialen kopurua (ibilbide bera bikotean edo taldean egitean lortutakoak dira puntu sozialak).
  3. Sustapen-kanpainaren kalitatea eta eraginkortasuna.

Cristina Enea Fundazioko zuzendari Txema Hernández eta Enrique Ramos Donostiako Udaleko Ekologia eta Osasun Publikoko zinegotzia Budapesten izan dira iragan urriak 18an Europar Batzordeak antolatutako galan, eta, bertan, hiriaren ekimena Europa mailako toki-erakunderik onena dela egiaztatzen duen saria jaso dute. Saria Tibor Navracsicsen eskutik jaso dute, Hezkuntza, Kultura, Gaztedi eta Kiroleko Europar Komisionatua, eta Joint Research Centerreko arduraduna.

Europako Batzordeko Joint Research Centerrek emandako sari hori "hiriarentzat albiste bikaina" dela azaldu du Ramosek, eta gaineratu du sari honek "Cristina Enea Fundazioa urte hauetan guztietan egiten ari den lan bikaina berretsi eta aitortzen" duela.

Erronkak iraun duen hiru asteetan, parte-hartzaileek mugikortasun-modu eta -ohitura jasangarriagoak eta osasungarriagoak sustatzen dituen ekimen batean parte hartzeko aukera izan dute, hiru faseren bidez.

Lehenengoa banakako fasea izan da, bigarrena bikoteena eta hirugarrena taldeena, eta horietako bakoitzean puntu kopuru jakin bat jaso dute, bizikletan egindako kilometro kopuruaren arabera, pertsona bakoitzaren joan-etorriak jasotzen zituen Bike Prints aplikazio mugikorraren bidez erregistratuta. Horrela, fase ezberdinetan lortutako puntu kopuruaren arabera, sariak eta opariak zozketatu dira parte-hartzaile guztien artean: hiriko establezimenduetan bizikleta materiala erosteko txartelak, bizikletak prest jartzeko txartelak, Dbiziko aparkaleku babestuak erabiltzeko abonuak, etab.

Bizikletaren Behatokiko Leire Sarobek adierazi duenez, "parte hartu duten pertsonek transmititzen dizkiguten inpresioen arabera bizikletaren erabilera sustatzeko modu dibertigarria da ekimen hau" eta, gainera, "pertsona batek baino gehiagok hautsa kendu dio trastelekuan ahaztutako bizikletari".

Bestalde, Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotzi ordezkariak adierazi duenez, "sari hau bizikletaren erabilera sustatzeko azken urteotan egindako lanaren emaitza da, bizikleta konexioen sarea etengabe zabalduz, bizikletarekin lotutako zerbitzuak eskainiz eta egindako sustapen kanpainen bidez. Ekimenean emakume eta gizon aktiboen parte-hartze parekideak dakarren albiste ona nabarmentzekoa da, baita ere".

#Erronkleta ekimenaren antolatzaileok eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiegu bi edizio hauetan parte hartu duten guztiei, gure hirian egunero bizikletan ibiltzeko erronka beren gain hartzeagatik.