Berriak

2019/3/8 Cristina Enea FundazioaElkarrizketakErakusketak

Eneko Calvo, Cristina Enea Fundazioko erakusketa-proiektuen arduraduna: "Natura beti izan da iturri garrantzitsua inspirazio artistikorako"

Datorren ostegunean, martxoaren 14an, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeko Pictio erakusketa berriak ateak irekiko ditu. Erakusketa honek zazpi korronte artistikotara eta naturarekin duten loturara gerturatu nahi ditu herritarrak, argazki bidez. Cristina Enea Fundazioko erakusketa proiektuen arduradun Eneko Calvok proposamen berri honen xehetasun guztiak azaldu dizkigu, non Portfolio Natural kolektiboko argazkiak lore-instalazio artistikoekin eta testu argitzaileekin uztartzen eta erlazionatzen diren, zentzumenek berebiziko garrantzia duten jolas sentsorial batean.

Enekok, Cristina Enea Fundazioko lantaldera iragan irailean batu zenak, adierazi digu erakusketa honekin lan egin duela "bisitariek ideia argi bat barnera dezaten, alegia natura beti izan dela iturri garrantzitsua inspirazio artistikorako".

Irailean hasi zinen Cristina Enea Fundazioan lanean erakusketa proiektu teknikari berri gisa. Nolakoa izan da bidea orain arte, eta zeintzuk dira zure kezka artistikoak eta kulturalak hemendik aurrera?
Historiako ikasketak eta kudeaketa kulturalari lotutako masterra burutu ditut eta nire lan-ibilbideak kudeaketa eta koordinazio kulturalaren bideetatik eraman izan nau batik bat, eta ez hainbeste ikerkuntzaren esparrutik. Azken hamaika urteotan errealitate ezberdinak ezagutu ahal izan ditut Gipuzkoako hainbat museo eta erakusketa-zentrotan, non kudeaketa egitasmoak, erakusketa proposamen berriak eta jarduera dinamizatzaileak ere landu ahal izan ditut. Cristina Enea Fundaziora iristean nire lehenengo obsesioa izan da zentroa eta fundazioa bera sakonean ezagutzea. Bere helburuek, lan egiteko moduak bai eta orain lankide ditudanen izaerak ere asko hitz egin didate nire lantoki berriari eta lortu nahi diren erronkei buruz. Jakina, orain arte egindakoa aztertzea oso garrantzitsua izan da etorkizunean egin nahi dudan bidea zehazteko. Nire ardurapean dudan alorrarentzat ezarri ditudan helburuak dira Cristina Eneako erakusketek eta jarduerek lerro "argumental" eta pertsonalitate zehatz bat jarrai dezaten lortzea; donostiarrentzat eta gipuzkoarrentzat identifikatzeko erraza izango den egitaraua diseinatzea, baina betiere fundazioaren gai eta lan esparruaren baitan.

Nire formakuntza alor humanistikotik gertuago dago ingurumenari lotutako esparruetatik baino, baina ondo ezagutzen ditut erakusketen eta proposamen artistikoetatik bisitariak ingurumen gaiekiko kontzientziatzea ahalbidetzen duten tresnak. Erakusketa bat bisitatzea bezalako ekintza kultural baten bidez, esaterako, mundu bidezko, osasuntsu eta adeitsuago baten alde lan egiteko kontzientzietan eragin daitekeela uste dut. Aurrerantzean programatuko ditugun erakusketa eta proposamenek lortuko dutela espero dut.

Datorren martxoaren 14an, osteguna, erakusketa berria irekiko dugu Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean. Zer antolatu duzu?
Cristina Enea Fundaziora iritsi nintzenetik hauxe izango da nik antolatu eta diseinatu dudan lehenengo erakusketa. Irailean lanean hasi nintzenetik aurkeztutakoak aldez aurretik programatuak zeuden. Hauxe da beraz lehenago azaldu dudan nire ikuspegia eta nire pertsonalitatea erakutsiko duen lehena. Portfolio Natural taldeak naturan ateratako hogeita zortzi argazkiz osatua dago erakusketa. Beren ezaugarri nagusia da argazkilariek beren lanean historiako korronte piktorikoen influentzia erakusten dutela, hala nola abstrakzioa, sinbolismoa edo erromantizismoa. Erakusketa bisitatzen dutenak ideia argi bat barneratzea nahiko genuke, inspirazio artistikorako natura beti izan dela iturri garrantzitsua. Horretarako, argazkiez gain, zenbait baliabide ere erabili dugu, besteak beste testu bereziak, lore-instalazio artistikoak, bai eta aromak edo lurrinak ere.

Erakusketan ikusgai egongo diren argazkiez gain, hainbat argazkilarik eginak, EHUko Aretaren Historiako laugarren mailako ikasleen elkarlana ere izan duzu. Nolakoa izan da elkarlan hori eta zer ekarpen egiten dio erakusketari?
Portfolio Natural taldeko argazkiak jada sailkatuak zeunden erakusten diren zazpi korronte artistikoetan. Korronteetako bakoitzako ulertzeko, bisitariak bestelako tresnak ere beharko zituela ikusi genuen, beren begiekin antzemateko korronte bakoitzaren pentsamenduaren eragina argazkietan. Horretarako, zer hoberik adituen testu batzuk baino, eta ia kasualitatez, Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen Historia Graduko laugarren mailako ikasleak batu genituen erakusketako taldera. Bisitaria artearen historiara eta naturarekin duen harremanera gerturatzeko testuak idazterako garaian zazpi irakasleren laguntza eta gidaritza izan dute. Oso esperientzia aberasgarria izan da, beraiekin izandako bileran ikusi ahal izan bainuen proiektu honetan parte hartzeko zuten ilusioa eta gogoa. Nik testu dibulgatzaileak egitea nahi nuen, edonork ulertzeko modukoak, eta ez tesi doktoralak. Lortu dute, eta ziur nago erakusketako argazki ederrentzako primerako osagarriak direla.

Baina pixkat urrutiago joan nahi izan dugu. Erakusketa honetan efektu sentsoriala eta esperientziala sartu nahi genuen. Horretarako, Hondarribiako Endanea lorategi zentroak zazpi lore-instalazio artistiko prestatu dizkigu, erakusketako zazpi korronte artistikoetan oinarrituak. Proposamen tridimentsionalak dira, eta argazkiekin eta testuekin batera erakusketaz gozatzeko hiruki perfektua osatzen dute. Cristina Enea parkeko natura dukeen jauregiko leihoetatik sartzea lortu dugu.

Erakusketak izango du jarduera paralelorik? Noiz izango da irekiera ekitaldia?
Bai, erakusketarako bi jarduera programatu ditugu; alde batetik nik neuk apirilean erakusketatik zehar egingo ditudan bisita gidatuak, eta bestetik martxoan izango den lore-txukunketa tailerra. Azken tailer horretan partehartzaileek beren lore-instalazio artistikoak egiten ikasiko dute, artearen historian oinarrituz. Seguru nago tailer honetatik artista bat baino gehiago atrako dela.

Erakusketak martxoaren 14an irekiko ditu ateak, arratsaldez, baina inaugurazio ekitaldia ostiralean egingo dugu, martxoaren 15ean, proiektuan parte hartu duten ikasleak bertan izatea nahi dugulako, eta horretarako ostirala egun aproposagoa da. Erakusketa udaberriarekin batera hasiko da gutxi gorabehera, artistikoki oso ederra den urtaroa, eta espero dut proposamen hau erakargarri suertatzea bisitariari, eta batik bat, disfrutatzea. Hain justu horretarako da erakusketa hau.