Berriak

2019/7/10 Ingurumen albisteak

Ekitaldi jasangarriak antolatzeko irizpideak

Biltzar batera, konbentzio batera, bilera edo beste edozein ekitaldira goazenean, izan ekitaldi profesional bat edota aisialdikoa, antolatzaileak guregan sorraraztea nahi izan duen sentsazioa interesgarria bada, probetxuzkoa, dibertigarria eta inspiratzailea, hobe. Helburuen zerrenda horretan baina, beste bat gehitu dezakegu: parte hartu dugun ekitaldi horrek jasangarritasunaren aldeko apustua egina izatea.

Gure egunerokoan gero eta gehiago daukagu kontuan kontzeptu hori. Edozein motako ekitaldiren antolaketari aplikatu ahal zaio eta ekitaldira joatea erabakitzen dutenek ezaugarri positibotzat hartzen dute askotan. Ekitaldien fase ezberdinetan inplementatu daiteke kontzeptu hori: ekitaldiaren diseinuan eta hasierako plangintzan, antolaketa-fasean, edukian eta hura ospatzeko beharrizanetan, ospakizunean bertan eta, azkenik, ekitaldiaren jarraipenean, desmuntaketan eta amaierako itxiera-fasean.

Horrela bada, Ihobek Evento Sostenible-Erronka Garbia programa landu du, ekitaldietan jasangarritasunaren kontzeptua aplikatzen laguntzen duen metodologia. Praktikan, ingurumenarekin lotutako neurriak txertatzea da ideia. Jarduera mota horietako jasangarritasuna hobetzeko elementuak asko dira, baina jarraian daude laburtuta zenbait jardunbide on, inplementatzen errazak direnak eta ingurumenarekiko inpaktua asko hobetzen dutenak.

Nola antolatu ekitaldi jasangarriak
1.- Ondo aukeratu ekitaldia non egingo den, eta azpiegiturak badaude aurretik, lehenetsi horiek. Halakorik ez badago, hautatu elementu efizienteak, ekodiseinua dutenak eta berrerabilgarriak. Ahal den neurrian, gertuko hornitzaileak hautatu garraioaren eragina ahalik eta txikiena izan dadin.

2.- Ondasun ezberdinak erosteko orduan, ezarri erosketa ekologikoaren politika eta produktu berrerabilgarriak lehenetsi, eragin gutxien sorrarazten duten hornitzaileenak eta beti, jasangarritasun-irizpideak erabili (jatorria kontuan eduki, esaterako).

3.- Erraz iristeko toki batean antolatu ekitaldia, eta, ahal dela, garraio publikoaren sare barruan dagoena. Parte hartzaileen artean garraio publikoaren erabilera sustatu (garraio-txartelen, bizikleta-zerbitzuen eta abarren berri eman). Eta ibilgailuan joatea nahi izanez gero, gogorarazi partekatu ditzatela.

Gero eta gehiago dira ekitaldi baten prestakuntzaren prozesu osoan -planifikatzen denetik amaitzen den arte- ingurumenaren garrantziaz ohartuta dauden erakunde eta enpresak, inpaktu negatiboak gutxitzeko, alegia

4.- Ekitaldia kokatzeko, kontuan hartu lotune energetikoak, argi naturala baliatu, ekipo efizienteenak hautatu, eta erabiltzen ez diren ekipoak itzalita daudela ziurtatu.

5.- Jendarte zabala bilduko bada, ur-kontsumoa kontrolatzea garrantzitsua da. Aztertu eta planifikatu ur-hornidura, ura aurrezteko sistemak ezarri (kontsumo gutxiko komunak, esaterako), baita euri-urak bildu eta berrerabiltzeko sistemak ere, besteak beste.

6.- Hondakinen tratamendua garrantzitsua da. Diseinatu haiek kudeatzeko sistema bat eta sailkapena erraztu, edukiontzi bakoitzaren kokapenaren berri argi emanez. Ekitaldian parte hartuko dutenak edukiontziak erabiltzera bultzatu modu aktiboan.   

Ihobek Evento Sostenible-Erronka Garbia programa landu du, ekitaldietan jasangarritasunaren kontzeptua aplikatzen laguntzen duen metodologia, ingurumenarekin lotutako neurriak txertatzeko

Hona hemen hainbat ekitaldiren zerrenda, ekarpen horiek guztiak kontuan hartzeaz gain, Erronka Garbia ereduaren araberako ziurtagiria lortu nahi izan dutenak: Gasteizko Azkena Rock festibala, Donostiako Miramon Parke Teknologiko eta Zientifikoak antolatutako Parkea Musik Fest musika festibala eta joan den ekainean Bilbon antolatutako BBK Live edota Gastronomia eta Garapen Jasangarriari buruzko Jardunaldiak.

Horiek guztiek bilatu nahi izan dutena da ekitaldi jendetsuekin lotutako inpaktu negatiboak gutxitzearen premiaz kontzientziatzea parte hartzaileak eta beste erakunde antolatzaile batzuek, eta ingurumenari buruzko kontzientziazioa bultzatzea.


Iturria: Udalsarea21