Berriak

2019/6/14 Elkarrizketak

Ekaitz Uribe: "Eraikuntza tradizionala oinarri harturik egungo beharrak aseko dituen eraikuntza-modua eskaini nahi du bioeraikuntzak"

Espainiar Estatuan eredua omen da. Bioeraikuntzaren Adiskideak-GEA Taldeak 26 urte daramatza bere burua modu autogestionatuan antolatzen xede batekin: Euskal Herri osoan bioeraikuntza zabaltzea. "Taldea erreferente bilakatu da bere funtzionatzeko era, antolakuntza, jasangarritasun, eta, batik bat, gonbidatutako hizlari eta erakutsitako lanengatik", adierazi du Ekaitz Uribe Ros, Euskal Herriko koordinatzaileak.

Bere 25+1 urtemuga ospatuko dute hilaren 22an, larunbatez, Cristina Enea Parkean, eta, oso ospakizun berezia egingo dute. Ez baita egunero mende laurdena baino gehiago betetzen. Mundu guztiarekin ospatu nahi dute, eta, horretarako, ekitaldi ireki bat antolatu dute Cristina Enea Parkean. Uribe Ros elkarteko kidearekin hitz egin dugu. Hau da azaldu diguna. 

Oro har, zer da bioeraikuntza?

Gaur egun orokorrean egiten den eraikuntzarengandik bereizten den eraikitzeko modu bat da. Eraikuntza tradizionalean ditu erroak, eta, ezagutza hori guztia osotu eta gaurkotzen saiatzen da gaur egungo beharrei erantzungo dien eraikuntza bat eskainiz.

Emaitza eraikuntza osasuntsu bat da -modu globalean harturik, bai gutariko bakoitzarentzat, bai planetarentzat-, energetikoki eraginkorra eta ahalik eta inpaktu txikienarekin. Harremanak ere modu desberdinean jorratu beharko liratekeen -prozesuan esku hartzen duten agente guztiak- eraikuntza baten aurrean gaude, gardentasun, ardura eta seriotasun handiagoz. 

Eta, batez ere, oraintxe aplikatu beharreko zerbait da, bai landa-munduan, bai hirian, komuneko erreforma txiki batetik hasi eta etxebizitza batera, eraikuntza-blokeak, familia bakarreko etxeak, auzo osoak... Baita hiri-planeamendu ere. Gainera, ez da garestiagoa.  

Zer motako ospakizuna eta zer xederekin egingo duzue? 

Bioeraikuntzaren Lagunak GEArekin harreman estua duen jende-talde batez osaturik dago. 26 urte daramatzagu gure burua antolatzen bioeraikuntza Euskal Herri osora zabaltzeko. 

Urtean hiruzpalau bilera antolatu ohi ditugu, beti eskema berarekin: bioeraikuntzarekin lotura duen gaia baten inguruan hitzaldi bat antolatzen dugu goizez, eta, arratsaldez, berriz, kriterio horiek jarraitzen dituen lan bat bisitatzen dugu. Xedea bioerakuntza zabaltzea da, sozializatea, ikustaraztea. Hortaz, bilerak beti irekiak izan ohi dira, nahi duen orok parte har dezan. Anima zaitezte eta hilaren 22an etorri!

Zer pertsonak eta zer helbururekin batuko zarete? 

Bilerak irekiak dira eta ez dugu asistentzia konfirmaziorik eskatzen; mota guztietako jendea hurbildu ohi da: profesionalak, diseinatzaileetatik hasi eta era guztietako gremioetara; ekologian interesa dutenak ere bai. Deialdiak email bidez bidaltzen ditugu, beraz, nahih duen orok email honetara idatz dezake eta gure email-zerrendara atxikiko dugu: [email protected]

Taldeak 26 urte bete ditu. zergatik sortu zen eta zer helburu bete dituzue? 

Bioeraikuntza zabaltzeko eratu zen batez ere, eta, hau, talde mailan, lortu dugu. Estatu mailan, gainera, taldea erreferente bilakatu da bere funtzionatzeko era, antolakuntza, iraunkortasun, eta, batik bat, gonbidatzen ditugun hizlarien mailaren eta erakusten ditugun lanengatik. Bioerakuntzat gutxigorabehera ezaguna den eraikitzeko modu bat da, eta ekologismoan dabilen jendearen artean ezaguna dena ere bai. Taldearen papera, zentzu horretan, garrantzizkoa izan dela uste dugu. Azken aldian egiten ari garena da konfort gune horretatik irten eta haratago joatea, jende gehiagorengana heltzea. 

Etorkizuna nola ikusten duzue eta ospakizunak zertan lagunduko du? 

Etorkizuna, taldearentzat eta aurrean ditugun bilerentzat, ongi pentsatzen dugu... Kar, kar, kar. Bilera guztietara etortzen den jende-talde bat dugu eta horrek muskulua ematen dio, funtzionatzeko taldeak behar duena, alegia. Era berean, taldekideen etengabeko berriztapenak ere taldea fresko mantentzen du. Espero dugu garai batean taldeari ekin zioten horiek gaur egun daudenekin batu eta elkar ezagutzea, eta, bata bestearekin aberastea. Egin zena balora dezagun eta etorriko dena ere bai. Eta, noski, aspaldi elkar ikusten ez duten lagunak elkarrekin egon eta partekatzeko aitzakia bat ere izan dadila. 

Bioeraikuntzari dagokionez, erabat beharrezkoa dela uste dugu. Taldearen kasuan bezala, konbentzitutakoekin nahikoa muskulu badu. Orain tokatzen zaiguna da azaltzea eraikuntza mota honek beste edozein adina kalitate duela, eta, orain gutxi arte betoa jarri dioten partzeletan aplika daitekeela erakustea. Horretarako lan eskerga behar dugu aurretik, seriotasunez, kalitatez, eta mundu osoarentzat justua den prezioan. Imajinazioa eta ausarta izatea tokatzen da... eta bidean ahalik eta gehien gozatzea!