Berriak

2017/7/5 Ingurumen albisteak

Bioaniztasuna ezagutzen, Frantziako Itzuliari esker

Frantziako Itzuliaren 104. edizioak eginak ditu dagoeneko kilometro mordoxka bat, eta bere protagonistek, txirrindulariek, pasatzen dituzten paisaien edertasunaz jabetzeko aukerarik izan ohi ez duten arren, guk geuk bai goza dezakegu, fisikoki lasterketak zeharkatzen dituen lekuetara joanez, edota irudiak telebista bidez ikusiz. Paisaia eta inguru apartak dira, zalantzarik gabe, eta Frantziako geografiako mendiak, itsasertzak, errekastoak edota haranak uztartzen dituzte, herrialdearentzat erakargarri turistiko garrantzitsua izanik.

Orain ordea, txirrindularitzako lasterketa handienak bisitatzen dituen lekuetako ingurumen-aberastasuna ezagutzeko aukera dugu. Izan ere webgune batek, Frantziako Bioaniztasunaren Agentziarenak hain zuzen ere, Tourreko ibilbide guztian bioaniztasunak ezkutatzen dituen altxorrak erakutsiko dizkigu, etapaz-etapa. Frantziako Bioaniztasunaren Agentzia lasterketaren ibilbidearen gainean markatu ditu Natura 2000 Sarearen baitan dauden lekuak, eta erabiltzaileok informazio hori eskuratu dezakegu aurtengo edizioko edozein etaparen gainean sakatuz, mapa batean.

Gaurko etapa adibidez, uztailak 5 asteazkena, Vittel eta La Planche des Belles Filles artean izango da, eta Ballons des Vosges Parke Naturala zeharkatuko du, bere aberastasun biologikoagatik eta bere paisaiaren originaltasunagatik ezaguna. Urmaelak (bertako ezaugarri ikonikoa), larreak, zohikaztegiak, basoak eta 430 kilometroraino iristen den erreka-sarea estuki korapilatuta daude, benetazko mosaiko bat osatuz. Europan arriskuan dagoen fauna eta floraren bizileku da, besteak beste erpe zuridun karramarroa. Bihar osteguna, bestalde, lasterketak Vesoul eta Troyes arteko bidea egingo du, hainbat espezie migratzailerentzat atseden-leku izanagatik ezaguna, isats zuridun arranoa edo arrano arrantzalea esaterako, azken hori arratzatik bakarrik elikatzen den Europako hegazti harrapakin bakarra.

Horrela, 20147 honetako Frantziako Ituliak zeharkatuko dituen lekuetako bioaniztasunari buruz ikasteko eta berau gehiago ezagutzeko aukera izango dugu, txirrindularitzarekin gozatzen dugun bitartean. Zalantzarik gabe, Frantziako Bioaniztasunaren Agentziak garaturiko egitasmo interesgarria.