Berriak

2016/8/2 ErakusketakIngurumen Baliabideen Etxea

Bergantes ibaiaren aldeko borrokaren istorioa

Bergantes ibai motza da, oldartsua, kontserbazio-egoera inbidiagarria duen ubidea dauka eta bioaniztasun aparta. Haren uraldi indartsuen ijezketaren aitzakiarekin eta ibaian beherako segurtasuna bermatze aldera, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak presa-proiektu bat proposatu zuen 2013. urtean. Presa horren ondorioz ibaiaren Aragoiko zatia ia osorik beteko litzateke urez, eta bioaniztasun guzti horri, arkeologia-aztarnategiei eta inguruko substratu sozio-ekonomikoari eragingo lieke. Presak, ibaiaz gain, herria bera ere eramango luke desagerpen motel baina ziur batera. Ez da Aguavivarik Bergantes bizidunik gabe.   

“Bergantes ez da ukitzen” auzo-plataformaren ahalegin eta irmotasunari esker, proiektua, behin behinean gelditu egin da. Ibai-tarte hori Natura 2000 Sareko Komunitatearen Intereserako eta Hegaztien Babeserako Gune Berezi izendatu dutela argudiatu dute, besteak beste. Plataforma honetatik inguru horren suntsipenaren aurrean bestelako aukerarik badela defendatzen dute, eta Bergantes Ibaiaren Mahaia osatu dute, uholdeen arriskuei eta gaur egungo Calanda presaren ahultasunari nola aurre egin taldean aztertzeko.  

Iragan ekainaren 23tik irailaren 11 arte Utzi bakean Bergantes ibaia: Salvem lo riu erakusketa dago ikusgai Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean. Erakusketa hau 2013an eta 2014an plataformak antolatu zituen argazki-lehiaketetara aurkeztutako argazkiek osatzen dute. 200 pertsona baino gehiagok erantzun zieten deialdi horiei, Aguavivako bizilagun iraunkor zein noizbehinkakoak. Lehiaketa horiek Bergantes ibaiaren eta haren inguruaren aberastasuna erakutsi nahi zuten, eta zein garrantzitsua den ibaia bertoko bizilagunen bizitzan. 

“Bergantes: Lo ríu menut” izeneko dokumentala 2013ko udan egin zuen Víctor Sanchok, ibaiaren etorkizunari buruz ezer gutxi zekiten momentuan. Bartzelonan bizi arren, Aguavivan jaiotakoa da Sancho. Dokumentalak hainbat agente sozialen eta bizilagunen iritziak jasotzen ditu.