Berriak

2019/3/27 Eskola Agenda 21

Aztarna ekologikoa aztergai Eskola Agenda 21 ekimenean

2018/2019 ikasturtean "Gure aztarna ekologikoa" izango da Eskola Agenda 21 ekimenean parte hartzen duten ikastetxeek landuko duten gaia. Gaurkoan hiru adituk eskaini duten mahai-inguruaz gozatu ahal izan dute ikasleek.

Ekitaldia Udaletxeko udalbatza aretoan izan da eta bertan izan dira hainbat ikastetxetako 16 eta 18 urte arteko ikasleak, Leire Sarobek (Cristina Enea Fundazioa), Igor Gonzalez (dBus) ta Agate Goyarrolak (Ihobe) eskaini duten solasaldian.

Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiko kide Leire Sarobek Donostiako egoera aurkeztu du, hiriaren ingurumen-egoera zehazten duten hainbat adierazle aurkeztuz eta egoera hori hobetzeko bakoitzak egin dezakeena mahai gainean jarriz.

DBus-eko gerente Igor Gonzalezek berriz udal garraio enpresak datozen urteetarako dituen erronkak aurkeztu ditu. Historikoki garraioa izan da karbono aztarnaren erantzule nagusienetakoa eta Donostiako autobus konpainia nola egokitu den eta etorkizunerako zein erronkak dituen azaltzeaz gain autobus hibridoak ta elektrikoak ere izan ditu mintzagai.

Azkenik, Ihobeko Agate Goyarrolak Eusko Jaurlaritzaren 2020-2030 Estrategiaren inguruan hitz egin du, nola Erkidego mailan udalek era koordinatuan lan egiten duten aztarna ekologikoa murrizte aldera eta Garapen Iraunkorreako Helburuak lortze aldera.