Berriak

2016/9/6 HidroLogikak

3 hitzaldi eta 3 proiekzio HidroLogikak egitarauaren azken txanpari ekiteko

HidroLogikak 2016 egitasmoaren programazioa azaro erdi alderarte luzatuko da, eta udako geldialdiaren ostean, egitarauaren azken txanpari ekingo diogu, iraileko 3 hitzaldi eta 3 proiekzioekin.

Irailaren 6an, asteartea (19:00 / Cristina Enea), ‘El Bergantes no se toca’ herri plataformako hainbat kide izango dira Aiguaiva eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren arteko gatazkaren kontakizuna egiteko. Zergatik urtegia eraiki? Zeintzuk eta zer dela eta behar dute Bergantes ibaiaren ura? Orobat, ibaia defendatzeko beren estrategiei buruz, aurrean izan dituzten mugei eta arazoei buruz, eta etorkizuneko erronken gainean arituko dira.

Irailaren 7an, asteazkena (19:00 / Cristina Enea), Sigrid Muñiz ingurumen-adituaren txanda izango da. Muñizek ezagutzaren eratze parte-hartzailea izango du mintzagai, eta ingurumen gatazkei heltzeko baliozko proposamena ote den azalduko du. Ingurumenari buruzko gatazkak beti izaten dira konplexuak, aurrez-aurre jartzen diren ezagupenak sarri lausoak eta ezbaian daudenak izaten baitira. Nola heldu behar genieke? Sigrid Muñizek zientzia postnormalaren perspektiba eta gobernantzaren ikuspuntuak konbinatzen ditu ingurumen gatazketara hurreratzeko. Ikerketa eta interbentzio esparru horiek aurrean dituzten erronka eta desafioak zalduko ditu ezagutzaren eratze parte-hartzaile baten esperientziatik abiatuta, hain zuzen ere, Kataluniako Segarra-Garrigues kanalaren testuingurua baliatuz.

Irailaren 8an, osteguna (19:00 / Kaxilda liburu-denda), Madrileko Isabel II Kanalaren pribatizazioaren aurka izandako herritar-borrokaren esperientzia bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu. Isabel II. Kanalaren pribatizazio-merkantilizazio prozesuaren ikuspegi orokorra emango da ikus-entzunezko materialaren laguntzaz; arreta berezia jarriko zaien gaien artean egongo dira besteak beste: burututako borroka mota ezberdinei dagozkienak (soziala, instituzionala, legala, etab.); Plataformak eta Marea Urdinak izandako papera; pribatizazioaren aurkako mugimenduak eragindako aliantzak eta landu dituen helburuak: %100eko kudeaketa publikoaren eskakizuna; gardentasunaren aldeko borroka eta ura giza-eskubide moduan onartua eta ezarria izatearen aldekoa, hala nola bestelako kudeaketa eredu bat eztabaidatzearena. Bertan izango dira hizlari hauek: Gonzalo Marín (ingeniaria), Liliana Pineda (abokatua), Jesús Navas (editorea), Enrique Ortega (ingeniaria); Isabel II Kanalaren pribatizazioaren aurkako Plataformako kideak.

3 proiekzio
Hurrengo astean berriz, HidroLogikak 2016 egitasmoak 3 dokumentalen proiekzioak antolatu ditu.

Lehena irailaren 13an izango da, asteartea (18:30 / Gipuzkoako Argazkilari Elkartea): Damnation. Ipar Amerikan zehar odisea itxura hartzen duen indar handiko dokumental polemiko eta politiko honek, hango herritarren jarrera aldaketa aztertzen du: teknologia mirari bezala ikusten ziren urtegi handiez harro egotetik, ibaien osasunak etorkizunean izango duen garrantziaren kontzientzia hartzeraino.

Ondoren, hizketaldi-eztabaida lurraldeko urtegi zaharkituen problematikaren inguruan Arturo Elosegi (EHU-UPV) eta Iñaki Bañaresekin (Gipuzkoako Foru Aldundia).

Irailaren 14an, asteazkena (18:30 / Gipuzkoako Argazkilari Elkartea) berriz, El Ciruelo, un pueblo bajo las aguas dokumentala ikusteko parada izango dugu. Filmak Nayarit (Mexiko) mendilerroko herrixka baten urperatzearen istorioa kontatzen du. El Cajón urtegiaren betetzeak etxalde zaharra urperatuko du eta halabeharrez lekualdatutako familiak Nuevo Cirueloko bizitza berrira egokitzen saiatu beharko dute.

Amaitzeko, irailaren 15ean, osteguna (18:30 / Gipuzkoako Argazkilari Elkartea) Los malos sueños de René Petit dokumentalaren emanaldia izango da. Yesako urtegiaren handitze lanen lehen harria 2001ean jarri zen eta hamahiru urte beranduago ez da oraindik horma metrorik ere altxatu. Bitartean, urtegiaren hegalek, zazpi aldiz egin dute irrist inguruko herritarrak arriskuan jarriz. Aurrekontua 113,5 milioi eurotik 400 milioikoa izatera igaro da. Berriki, Ebroko Konfederazio Hidrografikoko presidenteak, proiektuak erabateko segurtasun bermea duela esan du. Zer pentsatuko luke honetaz guztiaz 1959an urtegia eraiki zuen René Petit ingeniariak?