HAZIERA - Berriak

2018/10/18

Marc Badal: "Elikagaiak aletuz solasaldi atseginean egoteko antzinako nekazal-ohitura birsortzea du helburu Hazilana-k"

Haziera egitasmoak, bere hazi-artxiboaren eta urtean zehar antolatutako jardueren bidez, bertako hazi barietateeei buruzko informazioa, bai eta hazi-aleak ere eskaini nahi dizkie erein eta ugaldu nahi dituzten guztiei. Orain, egitasmoak haziak erauzteko auzolan saio batzuk antolatu ditu, Hazilana izenekoak, artxiboko hazi-ondarea betetzeko eta esperientzia eta bizipen trukaketarako. Bere arduradun Marc Badalekin egin dugu solasean.

Zertan datza Hazilana jarduera? Nola sortu zen haziak erauzteko auzolan bat egiteko ideia, eta zer helbururekin?
Haziak erauzteko partekatutako lan-jardunaldi bat da Hazilana. Lau orduz, 16:00etatik 20:00etara, mahai baten inguruan esertzen gara, gai ezberdinei buruz hitz egiten, gehienetan baratzearen inguruko gaiak izaten dira, haziak, bertako barietateak... haziak erauzten ari garen bitartean.

Esfortzu fisiko handia eskatzen ez duen eskuekin eginiko lanean ari garen bitartean (artoa edo babarrunak aletzen, fruitu lehorrak kraskatzen...) solasaldi atseginean egoteko antzinako nekazal-ohitura birsortzea du helburu jarduerak.

Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean dagoen Haziera hazi artxiboan sartzen diren haziak baino gehiago ateratzen direla konturatu gara azken sei urteotan. Hau oso datu baikorra da, Hazieraren helburu nagusia baita haziak erein eta ugaldu nahi dituen edonori bertako hazi barietateak eskaintzea, dohainik, baina horrek artxiboa lagin berriekin osatzera behartzen gaitu.

Iragan udaberrian zehar jende asko etorri zen hazi bila, eta ondorioz, gure hazi-ondareak nabarmen egin du behera. Horregatik, artxiboa berriz betetzeko esfortzu gehigarri bat egitea erabaki genuen, hurrengo ereite-sasoiari begira (2018-2019ko negua). Deialdi hauekin Hazieraren dimentsio kolektiboa ere indartu nahi dugu. Hau da, hazien bila edota formakuntza saioetan parte hartzeko etortzeaz gain, erabiltzaileek beren hondar-alea jar dezaten artxiboa mantentzeko.

Nolakoa izaten ari da jendearen erantzuna?
Jarduera honetarako deialdia egiten dugun lehenengo urtea izanda, hiru saio besterik ez ditugu egingo. Lehenengoan, irailak 26koan, hiru pertsona elkartu ginen, eta bigarrengoan, urriak 10ean izan zena, bost izan ginen. Kopuru txikia dirudien arren, kontuan eduki behar dugu hiru edo lau pertsonen artean, lau bat orduz lanean, hazi kopuru handia erauztera iritsi gaitezkeela.

Beraz, ez dugu jende kopuru handirik behar jardueraren helburu nagusia betetzeko. Formatu intimoago honi esker gai ezberdinei buruz lasaiago hitz egitea lortu dugu, bai eta etorritako lagunen zalantzetan sakontzea ere (hazien ugalketari buruz, ereite ekologikoa...). Emaitza praktikoari (eginiko lana) eta sortu den giroari erreparatuz gero, oso balorazio positiboa egiten dugu.

Zer hazi motarekin ari zarete lanean saio hauetan?
Lehenengo bi saioetan kalabazinaren, pepinoaren, tipularen eta piperraren haziak erauzi ditugu. Hautaketa hori ez da ausazkoa, fruituen kasuan (pepinoa, piperra, kalabazina, tomatea...) "artisau" erako hazi erauzketa guztiz eskuz egin beharra dago. Horrexegatik, saio hauetan zehar haziak lehorrean daukaten espezie gutxi izango ditugu (letxuga, espinaka, aza...), kasu horietan hazi kopuru handi xamarrak etxean eultzitzeko modu eraginkorragoak egon badaudelako. Nolanahi ere, fruituentzat, artisau era guztiz eskuz egiten jarraitzen da. Azken saio honetan, urriak 24koan, Landetako piper gozoaren, Gernikako piperraren, kalabazin berdearen eta, agian, kalabazaren baten haziak erauziko ditugu.

Gogoratu nahiko nuke, baita ere, Hazilanaren ordutegia 16:00etatik 20:00etara dela, baina ez dela derrigorrezkoa denbora guztian egotea. Ni lau orduz egongo naiz bertan, baina bakoitzak erabakitzen du zenbat denbora egon nahi, edo ahal, duen.