2017/03/14 04:00o..

Gaurko negozioa, biharko eskasia

XX. mendeko nekazaritzaren modernizazio prozesuak, Iraultza Berdeak, hainbat aldaketa ekarri zuen: industria neurriko nekazaritza ekoizpena, teknologia berriak, ikerketa genetikoa… Sustrai ekonomiko eta teknikoak ditu, eta jatorria XVIII. mendean badu ere –lehen hazien enpresa, Vilmorin frantsesa, 1743an sortu zen–, benetako haustura XX. mendearen erdialdean gertatu zen. Bigarren Mundu Gerrako garraio-industria traktore eta makineriara pasatu zen, eta arma kimikoena abonu eta herbizidetara. XX. mendera arte hazien enpresak familia enpresa txikiak ziren. 80ko hamarkadan sortu ziren gaur egun munduko nekazaritza kontrolatzen duten transnazionalak.

Transnazional horiek industria kimikotik datoz, eta hazi enpresa txikiak bereganatu dituzte, azken urteotan ongarri kimikoen ekoizpen eta salmentari haziena gehituz. Horrela “pakete teknologiko” osoa kontrolatzen dute: haziak, teknologia, makinaria eta produktu kimikoak.

Enpresa handiek bi bide dituzte urtero euren hazien salmenta ziurtatzeko: erregistroak eta patenteak Europan, eta transgenikoak Hegoalde globaleko herrialdeetan. Marc Badal Nafarroako Hazien Sareko kideak argi utzi duenez: “Hazia produktua eta produzitzeko bidea da aldi berean, eta hori arazoa da industriarentzat”.

Transgenikoen kasuan erraza da salmenta ziurtatzea ingeniaritza genetikoaren produktuak direlako, eta beraz, patentea dutelako. Ondorioz, nekazariek ezin dituzte haziak gorde hurrengo urtean berriz landatzeko. Europan, ostera, transgenikoak historikoki gaizki ikusita egon dira, eta araudi ugari daude haien merkaturatzea debekatzeko –oraingoz Monsantoren MON810 artoa da komertzialki ekoitzi ahal den bakarra–. Beraz, nekazariek urtero haziak erosteko bidea hazi arrunten patenteak eta erregistroak dira.

Patenteen legedia eta hazien erregistroa

Europako legedi bat ezartzeko saiakerak porrot egin ostean, gaur egun hazien inguruko araudia estatuen menpe dago. Hazi bat merkaturatu ahal izateko erregistratuta egon behar da. Erregistroan egoteko, baina, hazi aldaerak egonkorra, homogeneoa eta beste hazien desberdina izan behar du. Ezaugarri horiek direla eta, erregistroek ez dute tokiko aldaerarik onartzen. Bai, ordea, agroindustriaren hazi homogeneoak. Industria-ekoizpena duten nekazari profesionalek hazi erregistratuak erabili behar dituzte euren produktuak merkaturatu nahi badituzte.

Aldaera lokalak, beraz, ekoizpen txikietara mugatzen dira, baina nekazari “txikiek” ere askotan hazi erregistratuak hobesten dituzte bi arrazoirengatik. Erregistratutako aldaerak, sor-markekin gertatzen den bezala, merkaturatzeko errazagoak dira, eta askotan nekazariek ez dituzte aldaera lokalak ezagutzen. Eta ez erabiltzearen poderioz, galduz joaten dira. 

María Carrascosa Andaluziako Hazien Sareko kideak kritikatu du erregistroek homogeneotasuna bultzatzen dutela, eta hazien truke eta salmenta defendatzeko politikarik ez dagoela: “Espainiako Estatuan 30/6 hazien eta mintegiko landareen legea dago, nekazariei euren haziak trukatzen eta landatzen lagundu diezaiekeena, baina lege hori garatu gabe dago oraindik, eta gaur egungo araudiek ez dituzte tokiko aldaerak bultzatzen”.

Politika horren atzean agroindustriaren presio ahalmena dagoela argi du Carrascosak: “Nekazarien burujabetza ez da errentagarria sektoreko enpresa handientzat. Menpeko nekazaritza ereduak behar dituzte, eta gobernuek, euren politika publikoen bitartez, elikadura burujabetzatik urrun dauden ereduak bultzatzen dituzte”.

Transgenikoen gorakada Hegoalde globalean

Europan nekazaritza ereduaren trantsizioa mendetako kontua izan bada, Hegoaldean aldaketa “azkarra eta bortitza” izaten ari da Marc Badalen esanetan, Hego Amerikan batez ere. Fruta eta barazki aldaera ugari zeuden eremuetan soja eta arto ekoizpen erraldoiak aurki daitezke gaur egun. Paraguai da eredu argiena: nekazaritzako lurren %80an soja transgenikoa lantzen dute, eta munduko laugarren ekoizlea da.

Agroindustriak bertako nekazariak “derrigortu” egiten ditu soja landatzera, animalientzako pentsuak ekoizteko helburuz. Berdin gertatzen da artoarekin, palmondoekin eta antzeko monolaboreekin. “Agroindustriak munduari jaten emateko helburua duela aldarrikatzen du, baina benetako helburua Mendebaldearen eskaria asetzeko lehengaiak ekoiztea da”, salatu du Badalek.

Egoera ekonomikoak ere laborariek transgenikoen alde egitea dakar. Badalen esanetan, eredu industrialak eta transgenikoek gastuak murriztea ahalbidetzen diete nekazariei. Adibide bat jarri du: “Belar txarrak kentzeko jendea kontratatu beharrean herbizidei erresistentea den transgeniko bat landatu, eta traktore bakarrarekin tonaka ongarri kimiko bota ahal duzu pare bat orduan”.

Transgenikoen hainbat moldaketa genetiko “bideragarritasun ekonomikoa” lortzeko egindako moldaketa genetikoak dira: landare guztiak batera heltzea, soloetan dentsitate handiagoarekin landatu ahal izatea, fruituaz gain beste gain-produktu bat kopuru handiagoan sortzea edo enpresak berak ekoizten dituen ongarri kimikoei erresistente bihurtzea landarea, nekazariei “pakete teknologiko” osoa saltzeko.

Elikadura-segurtasuna kolokan

Bai Hegoaldean transgenikoak sustatzeak, bai Europan hazien erregistroa ezartzeak, ondorio bera dute: hazi aldaera gutxiago izatea eskuragai. FAOren arabera, XX. mendean tokiko aldaeren %75 galdu da.

Horrek oso ondorio larriak izan ditzake aurreikusi ezin daitekeen lehorte, tenperatura aldaketa, izurrite edo bestelako gorabeheraren bat gertatuz gero. Landare guztiek erantzun berbera izango lukete, eta uzta txarrak bata bestearen atzetik kateatuko balira mundu mailako ekoizpen ia guztia eteteko arriskua legoke. Munduan biodibertsitatea egon badagoela uste du Badalek, baina galera prozesua oso azkarra da transgenikoen zabalkundearen ondorioz.

Horren aurrean, gobernu eta erakunde ugarik hainbat proiektu jarri dituzte martxan heterogeneotasuna gordetzeko. Ezagunena Svalbardeko (Norvegia) hazien biltegia da. Artikoan eraiki duten biltegi erraldoian 840.000 espezietako haziak daude, eta horietako bakoitzeko 500 ale. Badalen esanetan proiektu “interesgarriak” dira heterogeneotasuna mantentzeko, baina heterogenotasuna sortzeko haziak “erabili” egin behar dira. Bi kontserbazio mota bereizten ditu Badalek, ex situ(laborategiak eta biltegiak) eta in situ (nekazaritza). “Soloetan kontserbatu behar dira haziak, modu horretan bakarrik hobetu eta moldatuko baitira”. Lan hori gaur egun hazien sare herritarrek daramate aurrera.

90eko hamarkadan hasi ziren hazien sareak lanean. Euskal Herrikoa 1996an sortu zen, eta une honetan 200 bazkide inguru ditu. Joseba Ibargurengoitia kideak azaldu duenez, esparru askotan egiten dute lan: “Ezagupenak lortu aldaera horien inguruan, material biologikoa eskuratu, prospekzio eta ikerketak egin, materiala sailkatu eta kontserbatu”.

Zabalkuntza eta dibulgazioa ere egiten dituzte: tailerrak eta hitzaldiak sindikatuekin, nekazariekin, udalerriekin… “Entzuleak harritu egiten dira arazoaren berri ematen diegunean, eta egoeraren larritasunaz ohartzen direnean laguntza handia ematen digute”. Azken urteetan bultzada handia izan dutela dio, eta igo egin dela bazkide kopurua.

Ez da lan erraza, ordea, tokiko aldaeraren haziak bildu eta gordetzea, prozesua ezberdina baita. Barazki edo fruitua heltzen denean, uztaren parte bat ez da batu behar, haziari denbora eman behar zaiolako jaso aurretik. Nekazari profesional batentzat denbora eta diru kostu izugarria dakar horrek, aipatutako uzta zati hori galdu egiten delako. Gainera, espeziearen kopuru handiak landatu behar dira polinizazioa ziurtatzeko.

Hori dela eta, María Carrascosari zaila iruditzen zaio nekazariek tokiko aldaeren alde egitea: “Ekoizle profesionalei ezin zaie eskatu hainbeste arriskatzea”. Kontsumitzailea kontzientziaraztea omen gako. “Prest egon behar dugu gehiago ordaintzeko produktuen truke, bestela nekazariak, ekologiko edo ez, ez du tokiko aldaeren alde egingo”, gaineratu du Badalek. Ibargurengoitiak uste du oraindik aukera dagoela egoerari buelta emateko, beti ere hazi sareen proiektuek aurrera egiten badute. Nekazaritza ekologikoarekin egin den bezala, hurrengo pausoa tokiko aldaeren garrantzia ezagutzera ematea da.

 

Jatorrizko albistea Argia.eus webgunean argitaratua eta Asier Arrate Iruskietak idatzia (@AsierArrate)