10. Cristina Enea Fundazioaren bilduma
#Irudia

Eta horrela, ia konturatu gabe, iritsi gara hamargarren urteurren honetako hamargarren oparira. Martxoan jaso genuen lehen oparia, eta ordutik hona, hilero-hilero, hainbat pertsona, erakunde eta markek parte hartu dute 10 urte, 10 opari izeneko kanpainan, Cristina Enea Fundazioarekin bere hamargarren urteurrena ospatzeko 2019an zehar. Cristina Enea Fundazioko zuzendari Txema Hernandezen hitzetan, "jasotako opari batzuk fisikoak izan dira, gorputza hornitzeko, adibidez pintxo baten errezeta edota koktel batena". Beste hainbat opari bestalde, burua lantzeko eta hornitzeko izan dira, esaterako "bertso bat, abesti bat, ipuin bat edota hausnarketarako testu filosofiko bat".

Esker oneko hitzak besterik ez ditugu denontzat. Erakutsi digute urtemuga bat urtebetetze bat bezalakoa dela, eta hamar urte bete dituen haur bati opariek egiten dioten adina ilusio egin digute guri ere jaso ditugun opariek. Opariak, hala ere, ez ditu Cristina Enea Fundazioak beretzat soilik gorde, baizik eta "oparirik onena partekatzen dena" delako filosofiari jarraituz, opariak herritar guztiekin partekatu ditugu, ospakizun partekatua eta bateratua izan dadin.

Eskerrak eman nahi dizkiegu aurten opari bat eman diguten pertsona eta erakundeei, baina baita, modu batean edo bestean, hamargarren urteurreneko ospakizunetan parte hartu duten herritar guztiei ere.

Urteurreneko azken oparia, 10 urte, 10 opari kanpainako hamargarrena alegia, jasotako oparien xehetasun guztiak biltzen dituen bilduma-liburu bat da; "jasotako opari guztiak bildu eta argitalpen esklusibo eta mugatu batean jaso ditugu, herritar guztiekin partekatu asmoz", azaldu du Hernandezek. Liburuxka Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean egongo da fisikoki eskuragarri, baina baita digitalki ere gure webgunean (www.cristinaenea.eus), eta bilduma honi esker, "azken hilabete hauetan guztietan bizitakoaren errepasoa egin ahal izango dugu". Horrela, jasotako oparien zerrenda osatu duten errezetak erraz prestatu, testuak lasai irakurri eta kantak abestu ahal izango ditu edonork, hamargarren urteurreneko ospakizunari jarraipen mugagabea eskainiz. Urte bete ospakizun eta opari modu ezin-hobean amaitutzat emateko aukera paregabea.