06. Rafa Gorrotxategiren intxaur-saltsa
#Rafa Gorrotxategi

Rafa Gorrotxategi Tolosako familia txokolategile ezagun bateko hirugarren belaunaldiaren ordezkaria da, eta oraingoan berea da Cristina Enea Fundazioak bere urteurrenagatik jaso duen oparia, urteko seigarrena, abuztuari dagokiona: intxaur-saltsa errezeta goxo bat. "Historia luzea duen postre euskalduna" dela dio Gorrotxategik, berak aldarrikatu eta eguneratu nahi izan duena, eta guztioi gonbita egin nahi digu nork bere etxean egiteko, ondorengo osagaiak erabiliz eta pausoak jarraituz.

Osagaiak
500 ml. esne
500 ml. esne-gain
2 kanela-makiltxo
200 gr. intxaur
200 gr. azukre

Gainera
500 ml. esne-gain harrotu eta 100 gr. azukre
100 gr. intxaur txikituta
Kanela-hautsa

Egiteko pausoak

  1. Esnea, esne-gaina eta kanela eltze batean irakin.
  2. Intxaurrak eta azukrea ehotu hauts bilakatu arte.
  3. Hauts hori esnearen eta esne-gainaren nahasketari gehitu, sutan jarri eta hagaxkekin nahasi.
  4. Irakiten hastean, 8 minutuz irabiatu eta nahasi.
  5. Katilu batera bota eta gau osoa utzi hozkailuan.
  6. Intxaur-saltsa ongi nahasi (esne-gainarekin edo esnearekin nahi beste txikiagotu edo arindu) eta katiluetan zerbitzatu.
  7. Esne-gain harrotuarekin eta intxaur zatiekin dekoratu, eta kanela apur bat hautseztatu.

Txokolategile tolosarrak dioenez intxaur-saltsa "oso postre erraza da, oso gurea eta oso zaharra, eta ongi egiteko sekretu bakarra da azukrea eta intxaurrak ongi ehotzea".