02. Daniel Innerarityren testua
#Daniel Innerarity

Bere hamargarren urtemuga ospatzeko Cristina Enea Fundazioa garatzen ari den '10 urte, 10 opari' kanpainaren baitan, jaso dugun bigarren oparia Daniel Innerarity filosofoaren testu hau da. bertan Innerarityk honako hau bezalako hausnarketak egin dizkigu: "Natura subjektu politiko gisa aintzatetsia izan behar badu, ordezkatua eta barneratua, horrek esan nahi du kutsadura edo naturaren gehiegizko ustiaketa ez direla gure ekoizpen sistemaren gabeziak bakarrik; benetako gabezia demokratikoa ere badira". Hori dela kausa, aireratzen duen beste galderetako bat honakoa dugu: "Inongo zalantzarik gabe planteatzen den auzia da errepresentazio demokratikoa nola irekitzen den natura subjektu politiko gisa errekonozitzera". 

Jarraian irakur dezakezu testu osoa.

 

NATURAREN ESTATUA

Instituzio sorta bat, zeinari esker gizakiak natura atzean uzten zuen; horrela ulertu izan da demokrazia garai modernoan. Politika moderno oro izan da “naturaren estatutik” ihes egiteko ahalegin bat, eta ez da metafora hutsa. Kontraposizio hori gainditzen den unetik, gu geu mundu natural baten zati izatea ulertzetik gure txertatze ekologikoa berreskuratzera arte, inongo zalantzarik gabe planteatzen den auzia da errepresentazio demokratikoa nola irekitzen den natura subjektu politiko gisa errekonozitzera.

Zenbait ondasun publiko kudeatzeko arazoaren aurrean egoteaz gain, defizit demokratiko sakon baten erdian ere gaude, benetako esklusio bat. Naturak subjektu politiko gisa aintzatetsia izan behar badu, ordezkatua eta barneratua, horrek esan nahi du kutsadura edo naturaren gehiegizko ustiaketa ez direla gure ekoizpen sistemaren gabeziak bakarrik; benetako gabezia demokratikoa ere badira eta azaleratzen dute gure sistema politikoak, natur-inguruneengandik at dauden ereduak izanda, subjektu burujabe bat eraiki dutela bestelako subjektu ez gizatiarrak eta natura baztertzen duena, alegia, ez direla guztiz demokratikoak.

Bere horretan onartutako haustesleen subiranotasuna zalantzan jartzen du ikuspegi horrek. Populazio ez gizatiarrak gizartean txertatzea baldin bada helburua, gure espeziearen pribilegioa desegitea, orduan zalantzan jarri behar den lehenengo gauza da hautesleen pribilegioa. Ingurumen-auziak isilbidez hautesle berriak sartzen ditu agenda politikoan, demokrazia errepresentatiboek funtzionatzeko duten moduei arazoak gehituz. Gai ekologikoetako gabeziak, azken finean, gabezia demokratikoak dira eta behartzen gaituzte diseinu instituzionaleko modu alternatiboak pentsatzera. Politikak ez du hain antropozentrikoa izan behar, biozentrikoagoa izan behar du. Kultura nazionalaren paradigmatik natura transnazionalarenera jauzi eman behar dugu.

Izan ere, auzi ekologikoak zedarriztapen politikoetatik bananduak daude. Kutsadura bidaiari transnazionala da. Auzi ekologiko handiak ia erabat bereizi dira estatuek zehaztutako eremuetatik. Ez dago kongruentziarik natur-eremuen (zenbait eremu geografiko, ibarrak, ozono geruzaren narriadurak kaltetutakoak, fenomeno meteorologikoak, naturgune bat partekatu arren modu artifiziotsuan zatikatutako eremu mugakideak eta beren gune naturalen heterogeneotasunagatik ere batutakoak…) eta estatuen mugen artean, beren hautesle-erroldekin. Apenas bat datoz espazio politikoa eta espazio ekologikoa edo naturala. Zedarriztapen politikoak ez dira ezta ere euste-hormak gure kutsatze-praktiken ondorioak mugatzeko, edo besteenengandik babesteko. Gutako bakoitza da kalte ekologikoen hartzaile eta esportatzaile. Gure ordezkatze- eta erantzukizun-erakunde nazional guztiak benetako anakronismoak dira mugikortasun handia duen, eta kutsakorra, irekia eta estatu-instantziengandik bereziki babesik ez duen mundu batean.

Ingurumen-arazoek eskala espazio-tenporalen eraikitze konplexua eskatzen dute, tele-arazoak dira, denboran etenak eta espazioan gainezka, sortasun-epeekin eta urruneko inpaktua dutenak, belaunaldi ezberdinei eragiten dieten inpaktuak, identifikatzeko zailak. Laburbilduz, estatuen mugek, hautesleriaren zedarriztapenek, hainbat gertakizun historikotan dute jatorria baina ingurumena babesteko mugak funtsean ekologikoak dira. Auzi ekologikoari heldu nahi badiogu, mugaketa politikoen autarkia hori birpentsatu beste irtenbiderik ez dugu, eta dimentsio global batera ireki, mugaz gaindikoa eta kooperatiboa. Ezinezkoa bada animaliek edo ekosistemek botoa ematea, guk behintzat ez dezagun botoa beraien kontra eman.

 

Daniel Innerarity. Filosofia Politikoko Katedraduna eta “Ikerbasque” ikerlaria Euskal Herriko Unibertsitatean
Donostian, 2019ko apirilaren 10ean