Erakusketak - Haitzaren gibeletik (Zigor García)

Irailaren 24a - abenduaren 13a

Zigor Garcia artista sanpedrotarrak buztinaren modelatu figuratiboa baztertu du eta zeramika garaikidera hurbildu da 2018tik.

Inguruneari garrantzia emanez, erakusketa honetan Zigorrek mendi-ibilbide luzeetan naturarekin lortu duen zuzeneko esperientzia erakusten digu. Land Art mugimendu artistikoak pizten duen kontzientzia ekologistak bultzatuta, Jaizkibel mendiaren magalean eraiki nahi zuten portuaren proiektuagatik arriskuan zegoen paisaia bat bizitzen hasi zen Zigor, oso ezaguna ez den ekosistema berezi bat desagertzeko zorian egon aurretik.

Artea ekintza izateaz gainera, bizitzea ere badenez, begiratzeaz aparte, natura zapaldu, zeharkatu, usaindu, dastatu, ukitu, izerditu, busti eta hausnartu egin behar da. «Artea ez baita, gertatu egiten baita». Hori da Zigorrek egin duena eta erakusketa bizitzera joango den ikuslearekin konpartituko duena.

Bizipen horretatik bost multzo eskultoriko eta marrazki sorta bat ekarri ditu Cristina Eneako aretoetara. Instalazioak dira horiek. Buztingintzaren teknika eta hainbat hizkuntza plastiko erabiltzen ditu horietako bakoitzean. Erakusketako pieza ugari ontziak dira, zeramikaren oinarrizko objektua. Horietan, paisaiaren oroimena eta artistaren bizipenak gordetzen badira ere, ez daude guztiz beteta. Ikusleak tartea eta unea izango du ere ontzi horiek bere gogoaz eta esperientziaz betetzeko; artea guztiz gauzatzeko.

Erakusketa honekin bere ibilbidearen ziklo bat ixten duela eta jada beste paisaia ezezagunak bizitzeko grina piztu zaiola aitortzen du Zigorrek. Erakusketa honetarako landu dituen zenbait piezak ate berriak ireki dizkiotela alegia. Horien artean, nahiz eta urruti gelditu, paisaia bolkanikoak daude, non zeramika, «lur errearen» gisara, naturak berak etengabe bortizki sortzen baituen.

Irudi-galeria
Haitzaren gibeletik - Zigor García