2020/06/25 03:00o..

Uliako tranbiaren bidean zehar

Covid-19aren krisiak galarazi egin digu aurtengo udan Ulia Interpretazio Zentroa normaltasunez irekitzea eta, horrexegatik, Ulia zuen etxeetara eramateko ekimena jarri zuen abian Cristina Enea Fundazioak, bideo-sorta baten bitartez. Lehenengo bideoan, Ulia mendiko goiko aldea erakutsi genizuen, bertan dauden eraikin esanguratsuenak aurkeztuz, eta Donostiako belle époque-ra bidaiatuz. Gaurko bideoan, XX. mende hasierako urte haietan jarraituko dugu, eta Ulian egin ziren bi garraiobide berezi aurkeztuko digu Ulia Interpretazio Zentroko arduradun Oihana Orkolagak. "XX. mende hasieran aisialdi-parke bat eraiki zen Ulian, Igeldokoa baino lehenago, eta jendea Uliara igo ahal izateko, garraiobide bereziak eraiki ziren", azaldu digu Orkolagak. Horietatik lehenengoa, egun Aterpetxea dagoen ingurura iristen zen lehehengo tranbia elektrikoa izan zen. "Hasiera batean, Ategorrietan zuen irteera, eta bertan eraiki zen geltokia, bai eta beharrezkoa zuen argindarra sortzeko sorgailuaren gela eta kotxelekua ere". Nolanahi ere, hainbesteko arrakasta izan zuen, Ategorrietatik Boulevarreraino, eta handik aurrera ere, luzatu zuten tranbiaren ibilbidea.

[BIDEOA ALBISTEAREN AMAIERAN]

Egun Donostiatik Uliara igotzeko erabiltzen dugun bideak "tranbia elektrikoaren bidea jarraitzen du", gogoratu du Ulia Interpretazio Zentroko arduradunak, eta gaineratu du tranbiaren bidea bera "atrakzio bat" zela garai hartan. "Ategorrietatik atera eta hiru kilometroko ibilbidea 20 minutuan egiten zuen, eta garaiera hartzen zihoan heinean, Donostia osoa goitik ikusteko aukera paregabea eskaintzen zuen". Tranbiaren bidea Monte Ulia izeneko jatetxean amaitzen zela gogoratu du Orkolagak, eta gaur egun, eraikinaren arrastoak ikus daitezkeela.

XX. mende hasieran Ulian eraiki zuten bigarren garraiobide berezia, aire-transbordadorea izan zen, Leonardo Torres-Quevedo ingeniari bilbotarrak diseinatua. "Monte Ulia jatetxea zegoen lekua eta tiro-zelaia elkartzeko eraiki zen, eta Torres-Quevedo ingeniariak diseinatutako kable-sistema berri eta aintzindari baten bitartez, Uliako transbordadorea jendea garraiatzeko balio zuen munduko lehena izan zen". Hiru minutu eta erdian 230 metroko distantzia egiten zuen, 34 metroko desnibela gaindituz, eta 18 pertsona garraiatzeko balio zuen Uliako aire-transbordadoreak.

Gaur egun tranbiaren eta transbordadorearen arrastoak ikus ditzakegu Ulian, iraganaren lekuko isilak bailiran. Jada ezin dugu bi garraiobide horiez gozatu, baina, trukean, ezabatu ez diren beste arrasto batzuk erakutsiko dizkizuegu hurrengo bideoan, datorren astean. Orkolagak mendiko botak jantzi eta Ulian zehar dauden bidexketan galtzera gonbidatu gaitu. Ez hutsik egin!