2020/06/23 05:00o..

Jarduera fisikoa Ulian

Aurreko bi asteetan Cristina Enea parkean eta Urgull mendian egiteko ariketa fisikoak aurkeztu dizkizuegu, Ariketa fisikoa naturguneetan ekimenaren baitan. Gaurkoan hirugarren eta azken proposamena dakarkizuegu: ariketa fisikoa Ulia mendian. 6 puntutatik eginiko ibilbide bati esker, Ulia mendia hobeto ezagutzeaz gain, bakoitzaren egoera fisikoari egokitutako ariketa fisikoak egiteko aukera izango duzue. Donostiako iparrekialdeko mugan kokatua, Ulia hiriko berdegunerik basatiena dela esan dezakegu. Itsasoaren eta lurraren arteko topagunea izanik, kontrastez beteriko eremua dugu eta ezaugarri berezi horietan sortzen diren ekosistemen garrantzia dela eta, Natura 2000 Sarean Babes Bereziko Eremu izendapena merezi izan du.

Ekimenaren arduradun Jose Mari Rodriguezen arabera, "Ulia mendiak aukera paregabea eskaintzen du ariketa fisikoa eta natura uztartzeko, mendia hain handia izanik, edozein txokotan aurkituko dugulako leku aproposa korrika edota jauziak eginez izerdi pixka bat botatzeko". Honako ekimenak, gainera, nork bere egoera fisikoari egokitutako ariketak proposatzen ditu, eta bakoitzak jartzen dizkio mugak bere buruari. "Ariketa-sorta hauen bitartez oreka, malgutasuna, indarra eta erritmoa landuko ditugu, besteak beste", adierazi du Rodriguezek, eta gaineratu du "puntu bakoitzean 3 ariketa mota proposatzen dira, landu nahi dugun alorraren arabera".

Ariketa fisikoa naturguneetan ekimenarekin taldean edo monitore batekin egiten diren jarduerak saihestu nahi dira, Covid-19aren krisiari aurre egiteko osasun- eta segurtasun-neurriak errespetatze aldera. "Aurtengo udan, batik bat, nork bere kabuz egiteko jarduerak proposatuko ditu Cristina Enea Fundazioak, eta honako ekimena jarduera horietako bat da", azaldu du Jose Mari Rodriguezek.

Ariketa fisikoa egiteko 3 zirkuitu hauek QR kode bat dute txertatuta, erabiltzaile bakoitzak ariketa bakoitzaren xehetasun gehiago eskuratzeko, mugikorraren bidez. Era berean, Rodriguezek gogoratu du "zirkuituak jasotzen dituzten argitalpenak eskuragarri daude Cristina Enea Fundazioaren webgunean (www.cristinaenea.eus), eta uztailaren 1etik aurrera paperean ere hartu ahal izango dira Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean, Ulia Interpretazio Zentroan, San Telmo Museoan, Donostia Turismoren bulegoan eta hainbat kultura-etxetan ere".


ESKURATU ULIA MENDIAN EGITEKO JARDUERA FISIKOEN ARGITALPENA LOTURA HONETAN