2020/05/08 05:00o..

Euskal Herrian ekonomia ekologikoa bultzatzearen aldeko manifestua aurkeztu dute

COVID-19 gaitzak sortutako krisiari irtenbide ekologikoa ematearen alde agertu dira Euskal Herriko 350 aditu.

Hain zuzen ere, 'COVID19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde' izenburupean, 25 unibertsitate eta ikerketa zentrotako 345 irakaslek eta ikertzailek manifestu bat plazaratu dute larunbat honetan. Tartean daude, besteak beste, EHUko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Mondragon Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko, PAUko Unibertsitateko (Baiona-Bordele) adituak, baita BC3, Stanford edo Cambridge unibertsitatekoak ere.

Aitortu dutenez, aurretiaz Herbeheretan 170 adituk babestutako antzeko ekimen batean oinarritu dira euren proposamena aurkezteko.

Hala, agiria sinatu dutenek lehentasunezko bost jarduera-ildo proposatu dituzte garapen-eredua ekonomia ekologiko baterantz aldatzeko:

Lehendabizikoa, "Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkunde agregatuan oinarritutako garapen-eredua alde batera uztea. Gizarte-ongizatea areagotzeko haz daitezkeen funtsezko sektoreak eta ingurumenean eragiten dituzten inpaktuengatik azkar murriztu behar direnak bereiziz".

Bigarrena, "muga ekologikoak kontuan hartzen dituzten ekoizpen-, inbertsio- eta kontsumo-politikak sustatzea. Hurbiltasuna, publikoa eta ondasun komuna lehenetsiz, hurrengo belaunaldientzat zor onartezin bat sortu ez dadin".

Horrez gain, "ingurumen-fiskalitate progresiboa" ere bultzatzen dute. Euren asmoa da "kutsadura eta natura-baliabideen gehiegizko ustiapena albo batera uztea, klima-krisiari eta ekosistemen degradazioari aurre egiteko, beharrezkoa den trantsizio ekologikoa finantzatzeko".

Laugarren puntu gisa "nekazaritza- eta elikadura-sistema eraldatzea" sustatzen dute, laborantza ekologikoan oinarritutako elikadura burujabetzan aurrera egiteko.


Informazio gehiago