2020/06/02 04:00o..

Cristina Eneako liburutegiak eta Ziklotekak ekainaren 8an irekiko dituzte ateak

Martxoaren 12az geroztik itxita egon da Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxea, eta, ondorioz, Dokumentazio Zentroa ere. Herritarrek ia hiru hilez ezin izan dituzte dokumentazio zentroak eskainitako zerbitzuak erabili, baina dena ondo bidean, astelehenean berriz ere egongo da eskuragarri Cristina Enea Fundazioak Ingurumen Baliabideen Etxean duen liburutegiko hondarea.

"Muga batzuk egongo dira liburutegia erabili ahal izateko; horietatik garrantzitsuena, ezingo dela liburutegira joan bertako aleak kontsultatzera", argitu digu Cristina Enea Fundazioko komunikazio eta dokumentazio arduradun Iker Aranberrik. "Erabiltzaileek katalogoan kontsultatu beharko dute liburu eta dokumentuen eskuragarritasuna; behin hori jakinda, gurekin jarri beharko dute harremanetan dokumentua mailegatu ahal izateko". Horretarako cristinaenea[a bildua]donostia[puntu]eus helbidera idatzi edota 943453526 telefonora hots egin beharko dute beren datuak emateko: izen-abizenak, harremanetarako bide bat (telefonoa edo posta elektronikoa) eta maileguan hartu nahi duten dokumentuaren izena.

Behin arduradunek dokumentua identifikatuta, erabiltzailearekin jarriko dira harremanetan Cristina Eneara joan eta dokumentua jasotzeko eguna eta ordua adosteko. Maileguek, ohi bezala, 21 eguneko iraupena izango dute, baina webgunearen bidez erabiltzaileak berak luza dezake epea.

Ziklotekarekin ere, bizikleta bidezko mugikortasunean espezializatutako Dokumentazio Zentroarekin, "gauza bera" gertatzen dela aitortu digu Aranberrik. "Ziklotekak Ingurumen Baliabideen Etxean du egoitza, eta orain arte ere itxita egon da. Nolanahi ere, Ziklotekaren funtsen gehiengoa webgunean bertan dago zintzilikatuta, beraz, erabiltzaileek webgunean bertan kontsultatu ditzakete dokumentuak", bai eta deskargatu ere.