Berriak

2019/6/21 Agora K2050Elkarrizketak

Urtzi Leibar: "Ekoizleek beren esku dute zein kalitateko ardoa egin, besteak beste landarean egin dezaketen maneiua kontutan hartuta"

Gure bizitzako esparru guztiei eragingo (eta eragiten) dien klima-larrialdi egoera batean bizi gara jada eta gure produktu dierazgarrienetako bat ere arriskuan dago: ardoa. Urtzi Leibar ingeniari agronomoak klima-aldaketak Errioxako ardoetan eta txakolian nola eragiten duen aztertu du bere tesian, eta dio beharrezkoa izango dela ontze mantsoagoa duten mahatsondo azpibarietateak erabiltzea. Leibarrek, beste zenbait ikerlarirekin eta upategietako ordezkariekin, hitzaldia eskainiko du asteazkenean Agora K2050 ekimenaren baitan.

Klima-aldaketak gure bizitzako esparru guztiei eragingo die, bai eta elikadurari ere. Kasu honetan zuk klima-aldaketak ardoei nola eragingo dien aztertu duzu. Zer ondoriotara iritsi zara?
Ondorio nagusienetako bat mahatsondoaren zikloa aurreratu egiten dela da, hau da, ontze prozesua azkarragoa izango dela horrek sortuko dituen eraginekin. Gure esperimentuan tenperatura altuagoak ardoen azidotasuna jaitsi egin du eta azukrearen eta antoziano metaketaren artean desfase bat agertzen da.

Ardo mota guztiei modu berean eragingo al die klima-aldaketak?
Ez. Ardo bakoitzari, barietate bakoitzari modu ezberdinean eragingo die klima aldaketak. Barietate bakoitzak klimaren aurrean portaera ezberdina izaten du, batzuk hobe egokitzen dira tenperatura altuetara, edota lehorteetara, beste batzuk aldiz klima hotzagoetan hobe moldatzen dira. Gainera, klima aldaketak modu ezberdinean eragingo du lurralde bakoitzean, hau da, ez da berdin igoko tenperatura gure lurraldean edota Ingalaterran adibidez.

Zerbait egin daiteke egoera honi aurre egiteko? Zer neurri hartu beharko dituzte ekoizleek? Beren kezka azaldu al dute ala oraindik urrun geratzen zaien arazoa dela uste dute?
Gure esku dago nola aurre egin datorren egoerari. Orduan eta gehiago ikertu eta aztertu etor daitezkeen egoerak, orduan eta baliabide gehiago izango ditugu egoera honetara moldatzeko. Upategiak eta ardo-sektorea kezkatuta agertzen dira klima aldaketaren aurrean, hori dela eta proiektu eta plataforma ezberdinak sortu dira klima aldaketak izango dituen ondorioak aztertzeko. Ekoizleek neurri ezberdinak har ditzakete baldin eta zein helburu duten. Landarean bertan hartu litezke neurriak, hosto kopurua erregulatuz, edota ureztatze sistemak landuz, zikloa luzeagoa duten barietate eta azpi-barietate berriak aukeratuz etab.

Esan liteke ekoizleak klima-aldaketara egokituz gero ere produktuak (ardoak, txakoliak...) ezaugarri ezberdinak izango dituela? Alegia, kalitateari eragingo liokeela egoera berriak?
Hau erantzutea zaila da, ekoizle bakoitzak hartzen dituen neurrien arabera, ardoaren kalitatea modu batekoa edo bestekoa izango baita. Esan liteke, ekoizleek neurri handi batean, beren esku dutela zein kalitateko ardoa egin etorkizunean beti ere klimaren eragina, lurzoruaren eragina, zein landarean egin dezaketen maneiua kontutan hartuta.