Berriak

2020/8/4 Urgulleko Natur Txokoa

Urgull mendia hobeto ezagutzeko bi ibilbide autogidatu

Aurtengo udan Urgulleko Natur Txokoak ez ditu ateak irekiko, koronabirusaren ondorioz bete beharreko segurtasun- eta osasun-neurriak direla-eta. Nolanahi ere, ingurune pribilegiatu hori hobeto ezagutzeko bi ibilbide autogidatu argitaratu ditu Cristina Enea Fundazioak.

[BIDEOA ALBISTEAREN AMAIERAN]

"Urgulleko natura ezagutu eta ingurune eder honetaz gozatzeko bi ibilbide proposatu nahi dizkiegu herritarrei", adierazi du Cristina Enea Fundazioko Hezkuntza Saileko teknikari Uxua Aranak. Lehenengo ibilbidea Gaztelubide kaletik hastsi eta Damen bateriarantz abiatzen da. "Itsasoaren eragina nabaria da ingurune honetan eta itsas mihilua hazten da bertan, eskuinaldean dagoen harresiko arrailetan uzten baititu sustraiak" azaldu du Aranak. 

Cristina Enea Fundazioak proposatzen dituen bi ibilbide hauetan, Urgull mendiko landare eta animaliez hitz egiteaz gain, bertako paisaiari buruzko informazioa ere ematen da. Esaterako, Kontxako badiaren sorrera edota uharte izatetik Urgull lurrera nola lotu zen ere azaltzen dute eskuorriek. "Garai batean, Santa Klara uhartearekin batera, Urgull irla bat zen. Denborarekin, hondarrezko mihi luze batek lurrera lotu zuen, baina, oraindik ere, Urgullek uharte-izaera dauka, zenbait natur-ikuspegitatik", azpimarratu du Cristina Enea Fundazioko biologoak.

Urgullek itsasora zuzenean irekitako eremuak ditu, eta beste batzuk, berriz, babestuagoak. "Horri esker, itsasertzeko landare tipikoak eta beste ingurune batzuetako espezieak gara daitezke, eta aurki dezakegun paisaia aldakorra da: tamaina handiko zuhaitzen gerizpean paseatzeko moduko dentsitate erlatiboko baso eremuetatik, espezie apaingarrien landaketak dituzten belardi irekietara". Mendi osoan zehar dauden begiratokietatik itsasoa iparralderantz, badiaren panoramika ederra, Igeldo eta Santa Klara uhartea protagonista nagusi direla mendebalderantz, edo Zurriola hondartza eta Monpas ekialderantz begiztatu ditzakegu.

Bi ibilbide autogidatuak jasotzen dituzten planoak eskuragarri daude digitalean Cristina Enea Fundazioaren webgunean, eta paperean aurki Ingurumen Baliabideen Etxean.


ESKURATU HEMEN A IBILBIDEAREN ESKUORRIA


ESKURATU HEMEN B IBILBIDEAREN ESKUORRIA


Gazteleraz hemen.