Berriak

2016/10/24 HidroLogikakIngurumen Baliabideen Etxea

'Uraren memoria': Memoria sortzeari eta berreskuratzeari buruzko gogoetabidea

Ura historiaren memoria materiala gordetzen duen elementu naturala da, eta, hortaz, nekez oroit dezakeguna (inmemoriala) irartzen zaio. Gainera, ura da tradizio eta kontakizun mitiko askoren izatekoa. Greziarrentzat, esaterako, Leteo ibaiak hartzen zituen hildakoak, eta ahanzturaren korronte balitz legez, bizitzara lotzen zituzten oroitzapenak kentzeko ahalmena zuen. Ibaiak oroitzapenak pilatzen zituen eta bere urak Mnemosinara isurtzen zituen: memoriaren putzura. Ur horietan iragandako bizitzen oroitzapenak partikula gisa igeri zetzaten, eta haiengana gerturatzen zenak musak entzun zitzakeen denaz, izan zenaz eta izango denaz abesten. Bizi zirenei helarazten zizkien ametsezko ur hark itzalduek honezkero behar ez zituzten kontuak.

Mnemosinako pentsamenduen putzura -emakumearen itxurako kultura iturria zena-, poetak eta jainkoak joaten ziren inspirazio bila, bizi eta jakinduria egarria asetzera. Ahozko kultura tradizioarentzat, sormenerako ezinbestekoa zen barne ahots baten oihartzuna zen oroitzapena, eta pentsamendua eta memoria elkarlotu egiten ziren adierazpen orotan. Mintzo zenak ez zuen pentsamenduaren eta hizkuntzaren artean bereizten, ahotsa ezin gorde baitzen, arrastorik ez zuen uzten, eta hitzak memoriaz ikasten ziren. Prometeok, ordea, alfabetoa eta letren konbinazioa ekarri zituenean, musak idatzizkoaren kaiolan sartu zituen eta Mnemosinaren iturriak agortu egin ziren; gauzen memoria atxikitzen zuten testuetan izoztu ziren.

Modu beretsuan, letrek aldatu egin zuten greziarrek zuten memoriaganako jarrera, ezen idazketa agertzearekin eta testu geldi eta isilengan konfiantza izaten hastearekin, hura lantzea deskuidatzen baitzen eta bere emaria mehetzen, azaleko eta ilun bihurraraziz. Mnemosina, bizi-indar baten irudi, ahanzturan galdu zen eta bere izena, orain orrialde idatzi gisa irudikatzen den memoria izendatzeko hitz tekniko bihurtu zen.

Ibaibide tematiko hau ibaiei eta urari lotutako historia eta tradizio korronteek zeharkatuko dute memoria sortzeko eta berreskuratzeko ekimenak direla medio. Historia, halaber, espazioak, denborak eta jakintzagaiak zeharkatzen dituen ibai gisa irakurriko da, non ahozko memoriek beren jarioaren aldarri egiten jarraitzen baitute Historiaren ezartze idatziaren aurka.

Egitaraua
Urriak 22
Zinema dokumentala eta memoria: topaketa Patricio Guzmanekin

18:00, Z aretoa, Tabakalera
Gazteleraz

Urriak 22
Film proiekzioa : “El botón de Nácar”

21:00, Zinema aretoa, Tabakalera
3,50 €
Gazteleraz

Patricio Guzman, 2015, 82´
Ozeanoak humanitatearen historia barnebiltzen du. Itsasoak munduko ahots guztiak gordetzen ditu, baita espaziotik datozenak ere. Urak izarren bulkada jasotzen du eta izaki bizidunei igortzen die. Halaber, ozeanoaren hondoan
dauden misteriozko bi botoiren sekretua gordetzen du. Txilek, bere 2670 miliako kostarekin eta munduko uhartedi luzeenarekin, naturaz gaindiko paisaia dauka: sumendiak, mendiak eta glaziarrak. Uretan daude patagoniako indigenen ahotsak, lehen itsasgizon ingelesenak, eta baita preso politikoenak ere. Urak memoria duela diote; film honek, ahotsa ere baduela erakusten du. 

Urriak 26
Izugarrikeriaren memoria: Zapiraindarren gerra zibila 
Pio Pérez Aldasoro antropologoaren hitzaldia

19:00, Cristina Eneako Baliabideen Etxea
Euskaraz

1936ko urriaren 21tik 22ra arteko gauean jakinarazi zitzaien zapiraindarrei Burgosen emandako sententziaren berrespena: Jose Ramon eta Antoniorentzat heriotza-zigorra, eta, Juan Jose eta Salbadorrentzat bizi arteko espetxealdia. Haien aitak, Joxe Zapirainek, semeen zoria jakin zuenean bertsoetan aurkitu zuen kontsolamendua, eta kantari hasi zen, negarrari eman beharrean. Zergatik kantatu zuen aita hark? Nola kanta zitekeen gogo-aldarte hartan? Zerk eraman zuen aita hura semeen oroimenari bertsoen bidez aurre egitera? Joxek nola transmititu zezakeen bi seme fusilatuen galerak uzten zion hutsunea? Nola kanta edo konta daiteke izugarrikeria?

Urriak 27
Memoria. Ez-memoria. Esana hia. Eza-nahia
Ixiar Rozas idazlearen hitzaldia

19:00, Cristina Eneako Baliabideen Etxea
Euskaraz

Ekaitzaren aurreko instantean beltzuria hitza ahoratu eta kanporatzen den unearekin hasten da Beltzuria (Pamiela, 2014) liburua. Ahotsaren espazio estetiko eta politikoaren inguruko gogoeta den lanak, narratiba, poesia eta saiakera tonua erabiltzen ditu. Batzuetan dokumental baten eszenen modura, besteetan pieza eszeniko gisa antolatua, hitzaldian testuan zehar agertzen diren memoria, ahotsa, ahozkotasuna eta bertsolaritzari buruzko uneak partekatuko dira.

Urriak 29
Plastika
Ixiar Rozasen eta Maite Arroitajauregiren sormen lanaren emanaldia

18:00, Tabakalera
Euskaraz

Lan hau lengoaia, irudia, ahotsa eta soinutik abiatzen da haien aukera ikus-entzunezko eta performatiboetan bilatzeko. Beraz, memoria eratzen eta arrakalatzen duten inskripzio azalerarekin solasten du. 2012an hasi ziren Maitea Arroitajauregi eta Ixiar Rozas Plastika prozesua lantzen, Azala espazioan, eta ordutik hona lengoaiarekin plastizitatea, performatibitatea, erritmoa eta irudiak sortzeko aukerak arakatzen jarraitu dute. Prozesuaren oraingo fasean, Plastika piezak Beltzuria (Rozas 2014, Pamiela) liburuko materialarekin uztartzen ditu. Hitzaren sonoritatea, ahots, hots, fonema, sonema eta monemekin, esanahiatik erritmora eta errimotik esanahiara igarotzen dira piezan.

Urriak 30
Bertso saioa Urumea ibaiertzean: Amets Arzallus, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi eta Jone Uria

18:00, Via Fora! jatetxea eta Urumea ibaiaren artean

Urtean zehar landu diren gaiei buruz gogoeta egitera eta inprobisatzera gonbidatuko dugu bertsolari talde bat: ura ondasun komun gisa, merkantzia gisa, eta, baliabide bezala; ura eta bere memoria, bere mitoak eta lilurak; ibaien izatea eta haiekin dugun harremana, bidean sortzen diren gatazkak...

 

 

 

Albisteko irudia: ketari.nireirudia.com