Berriak

2018/3/19 HidroLogikak

“Ura materia gisa” liburu aurkezpena

Urtebete baino gehiagoko edizio-lanaren ondoren, argia ikusiko du "Ura materia gisa" liburuak, HidroLogikak egitasmoaren lekukoa hartuz hamaika gai lantzen dituena, besteak beste uraren kudeaketa Donostian eta beste udalerrietan, gure ibaien egoera, beren defentsan aritzen diren ekimen sozialak, ingurumen-gatazkak edota urak memoriarekin duen lotura metaforikoa eta materiala. Era berean, Urumea eta bestelako ibai-ekosistemetara eginiko gerturaketa artistikoak ere jasotzen ditu.

Argitalpenaren helburua da gordailu eta memoria bat sortzea HidroLogikak 2016 egitasmoaren inguruan, eginiko jarduerak eta mobilizaturiko ezaguerak barne. Liburuak 30 lagun eta eragile baino gehiagoren ekarpenak biltzen ditu, Euskal Herritik bertatik, eta kanpotik ere, modu batean edo bestean uraren, ibai-ekosistemen, memoria sozial eta kulturalaren edo lurraldearekin konprometitutako jarduera artistikoen zaintzan eta defentsan hausnartzen eta lan egiten dutenak.

"Ura materia gisa" liburuaren aurkezpena martxoak 22an izango da, osteguna, Uraren Eguna, arratsaldeko 19:00etan, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean.