Berriak

2020/7/2 KoronabirusaUliako Interpretazio Zentroa

Uliako bidexketan zehar

Gaurkoan Ulian (eta Uliari buruz) egin ditugun hiru bideoetako azkena dakarkizuegu, bertako bidexketan zehar ibilbidetxo bat egiteko proposamenarekin. Ulia Interpretazio Zentroko arduradun Oihana Orkolagak GR121 bidexka, edo Talaia bidea, ezagutzeko gonbita egin digu. Itsasoak eta mendiak bat egiten duten leku berezi honetako altxor eta leku ezkutu ugari ezagutuko ditugu. "Bidea nahiko erosoa da, altuera bera mantenduz, ez baitu aldapa handirik", kontatu digu Orkolagak. Bide osoan zehar itsasoaren eta mendiaren arteko kontrasteaz gozatzeaz gain, hainbat bitxikeria aurkituko ditugula azaldu du Interpretazio Zentroko arduradunak. "Horietako bat da Kutralla iturria; honaino igotzen ziren Donostiatik arropa garbitzera eta ur bila. Gaur egun, hainbat lur-mugimenduren ondoren, tarteka bakarrik ematen du ura".

[BIDEOA ALBISTEAREN ONDOREN]

Bidean aurrera jarraituta, bihurgune batean aurki dezakegun miradore batetik lurraren eta itsasoaren arteko kontrastea oso ondo ikus dezakegu. "Itsasoa eta mendiaren arteko topagune honetan aurki ditzakegun animaliak eta landaredia oso bereziak dira, baldintza gogorretara egokitu baitira, hala nola, haizea eta gatz-kontzentrazio altua". Horrek espezie desberdinen mailakatze bat eragiten duela azaldu du Orkolagak, egokitzapenaren araberakoa. "Pixka bat gehiago jakin nahi duenak, Zurriola Ikastolan jarritako panelak oso baliagarriak dira".

Itsas labarrekin batera, beren gainean kokatzen diren txilardiak Natura 2000 Sarearen baitan daude, Kontserbazio Bereziko Eremu izendapenarekin babestuta. "Bertan aurki ditzakegu, esate baterako, Euskal Herriko kostaldean bakarrik aurki dezakegun Armeria euscadiensis landarea, ubarroi mottoduna edo belatz handia".

Flora eta faunarentzat ez ezik, Uliak garrantzia handia izan zuen XIX. mendean Donostia urez hornitzeko ere, eta horren adierazle dira bide amaiera aldera ikus ditzakegun ubideak. Aurrera jarraituta, Pasaiako muturrera iristean, Platako itsasargiarekin egin dugu topo. "Pasaiako badiako mendebaldeko muturrean kokatzen da, itsasoaren gainetik 100 metro baino gehiagoko garaiera hartzen duen xafla lau batean". Argi ez dagoen arren, xafla hori izan daiteke bere izenaren erantzule, Orkolagaren arabera, "bustia dagoenean hartzen duen zilar dizdiragatik".

Bertatik Pasaira jaitsi daiteke herria bisitatu eta Donostiara autobusez bueltatzeko, baina guk ez dugu ibilbidea amaitu nahi izan itsasargiaren parean dagoen tontorrera igo gabe. "Bertan dago kokatuta XIX. mendeko gerrate karlistan eraikitako Almirantearen Gotorlekua. Bere garaian Donostia defendatzeko helburua zuen". Gaur egun, gerra kontuak atzean utzita, hiriaren eta naturaren arteko topagune lasai bihurtu dela ikus dezake bisitariak.

Gaur egin dugun ibilbidea proposamen bat besterik ez dela gogoratu digu Orkolagak, eta Uliak badituela mila txoko eta mila altxor deskubritzeko. Gerturatu eta deskubritu itzazu!