Berriak

2018/5/14 Uliako Interpretazio Zentroa

Uliako altxorrak eta Natura 2000 Sarea ezagutzen

Askotan oharkabean pasatzen zaizkigu gertuko altxorrak. Ulia mendiak habitat desberdin asko gordetzen ditu bere baitan eta beren garrantzia dela eta babestuta daude horietako batzuk. Ibilbide gidatu honetan, eta SEO/BirdLife eta Ecoembesek bultzatu eta Cristina Enea Fundazioak aktiboki parte hartzen duen LIBERA proiektuaren barruan, Uliako baso, txilardi eta itsas labarrak eta beren babes neurriak ezagutuko ditugu. Amaieran, Natura 2000 sarearen egunarekin bat egingo dugu gaztetxoentzako eskulanekin.

Larunbatean, maiatzak 19an egingo den bisita SEO/BirdLife elkarteak gidatuko du eta eremu honen babesaren eta indartzearen alde lan egiten duten bestelako taldeen partaidetza izango da, besteak beste Eguzki eta Club Atlético Trintxerpe. Natura 2000 Sarea LIBERA ekimena aurkezteko sarrera labur baten ondoren, habitat hoietan barrena murgilduko gara ibilaldi atseginean, eta bidean aurki litezkeen hondakinak jasoko ditugu Natura 200 Sarearen Europako Egunarekin bat egiteko. Amaitzeko Natura 2000 Sareari buruzko informazio-gune bat eta haurrentzako eskulan-tailerrak izango dira Ulia Interpretazio Zentroan.

Jarduera doakoa da eta larunbat honetan, maiatzak 19 ospatuko da, Ulia Interpretazio Zentroan goizeko 11:00etan. Aldez aurretik izena-eman beharra dago (943453526 / cristinaenea@donostia.eus).

Kontserbazio Bereziko Eremua eta Natura 2000 Sarea
Jaizkibel eta Uliako itsas-labarrak Natura 2000 Sarearen baitan daude Kontzerbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa bertako habitaten garrantziagatik. Itsas-zerrenda horrek Ulian dagoen Monpas puntatik Hondarribiako fraideen bidexkaraino edo Asturiaga hondartzaraino iristen den jarraiki ekologiko, paisajistiko eta geologiko bat osatzen du. Uliako itsas-eremua Natura 2000 Sarean txertatu da bertako interes handiko habitatengatik (Habitats Zuzentarauaren arabera).

Natura 2000 Sarea Europa zeharkatzen duen balio ekologiko handiko naturaguneen sare bat da. Honako helburu komuna partekatzen dute naturaguneok: habitat eta espezie mota jakinak beren banaketa gune naturaletan egoera onean babestuta daudela bermatzea, horretarako berauek babestu eta kontserbatzeko gune bereziak sortuz. Europako erakunde eta herritarrek europar lurralde osoan biodibertsitatea babesteko egindako apustu nagusia da Natura 2000 Sarea.

Beste albisteak

Berrien zerrendara itzuli