Berriak

2018/8/15 Uliako Interpretazio Zentroa

Ulia Interpretazio Zentroaren seigarren urtemuga

2012ko uztailak 28an ireki zituen ofizialki jendearentzat bere ateak Ulia mendiko Interpretazio Zentroak, beraz duela pare bat aste, 6 urte bete dira inauguraziotik. Urte hauetan guztietan milaka lagunek bisitatu dute Zentroa Ulia mendia eta bertako fauna, flora, historia, geologia eta ibilbideak gertuagotik ezagutzeko.

Ulia Interpretazio Zentrotik jarduera didaktiko eta pedagogikoz osaturiko ekintza-eskaintza zabal eta anitza jarri ohi da abian urtero, bai ikastetxeetako publikoari zuzendua, baina baita publiko orokorrari eskainia ere, besteak beste tailerrak, irteerak, proiekzioak, hitzaldiak eta lehiaketak antolatuz, mendiaren eta bere ingurumen- eta kultur-aberastasuna herritarrei gerturatzeko helburu nagusiarekin. Era berean, erakusketa egonkor batek Uliako elementu esanguratsuenetara gerturatzea ahalbidetzen dio bisitariari, objektuen manipulazioaren bidez eta beraiekin elkar-eraginez.

Urte osoan zehar bisitatu daitekeen erakusketa egonkorraz gain, mendiko ezaugarri ezkutu eta bitxienak agerira ateratzen dituzten aldi baterako argazki-erakusketak izaten dira ikusgai. Datorren irailak 2ra arte ikusgai dagoen 'Hostoak baino gehiago' erakusketa esaterako, argazki sorta baten bidez Ulia mendiko protagonista interesgarrienetako batzuk ezagutu ditugu: zuhaitzak.

Kontsultatu hemen udako hilabeteetarako Ulia Interpretazio Zentroak eskaintzen dituen jardueren agenda, eta hemen 2017/2018 ikasturterako ikastetxeentzat eginiko Hezkuntza Eskaintza (egun, 2018/2019 ikasturtekoan ari gara lanean).

Ulia Interpretazio Zentroa urte osoan zehar dago irekita, garaian-garaiko egutegiarekin. Orain esaterako, uztailean eta abuztuan, asteartetik igandera bisita daiteke 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara (doako sarrera).