Berriak

2020/6/5 Cristina Enea FundazioaIngurumen Baliabideen EtxeaKoronabirusaUliako Interpretazio Zentroa

Udan informazio-puntu gisa funtzionatuko dute Cristina Eneak eta Uliak

Gaur ostirala, ekainaren 5a, Ingurumenaren Mundu Eguna ospatzen da. Data garrantzitsu hau aprobetxatu nahi dugu berrikuntza garrantzitsu bat helarazteko: covid-19aren krisiaren ondorioz ia hiru hilabetez itxita egon ondoren, astelehenean berriz irekiko dituzte ateak Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeak eta Ulia Interpretazio Zentroak. Zuen zain izango gara!

Iragan martxoaren 13tik itxita daude Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxea eta Ulia Interpretazio Zentroa, eta udan ireki behar zen Urgull mendiko Natur Txokoak itxita jarraituko du datorren urtera arte. Nolanahi ere, astelehenean, ekainaren 8an, Ingurumen Baliabideen Etxeak eta Interpretazio Zentroak ateak irekiko dituzte, modu murriztuan eta zenbait baldintzapean. Ohiko jardueren eskaintzarik ez da izango aurtengo udan (ez modu presentzialean behintzat) eta informazio-puntu gisa bisitatu ahalko dira soilik.

Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxea informazioa jasotzeko gune bezala egongo da irekita astelehenetik aurrera, 10:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:30era (igande eta jai egunetan goizez bakarrik). Liburutegia, komunak eta erakusketa-gelak itxita egongo dira (liburutegiaren funtzionamenduari buruzko informazioa, hemen). Ingurumen Baliabideen Etxera joaten diren herritarrek, beraz, segurtasun neurriak jarraitu beharko dituzte eta maskara beti soinean dutela sartu beharko dira eraikinean, banan-banan. Bertan, harreran, hirian eta parkean bertan egin daitezkeen jardueren inguruko informazioa emango die fundazioko langile batek. "Aurtengo udan gure jarduera-eskaintza aldatu behar izan dugu, koronabirusaren krisiak hala behartuta; hala ere, Cristina Enea Fundaziotik naturaren, bioaniztasunaren eta ekosistemen ezagutzan sakontzeko ekimenak lantzen ari gara, hala nola, bisita autogidatuak edota audiogidak, besteak beste", adierazi du Txema Hernandez Cristina Enea Fundazioko zuzendariak.

Pandemiaren ondorioek urruntze soziala sustatu dutenez, fundaziotik proposatuko diren jarduerak nork bere kabuz egiteko modukoak izango dira beraz. Honela, "hiriko animalia basati eta exotikoak ezagutzeko ekimen bat, Cristina Enean eta Urgull mendian zehar egiteko ibilbide autogidatuak edota hiriko hainbat espaziotan jarduera fisikoa egiteko proposamenak" prestatzen ari direla aitortu digu Hernandezek, bai eta horien inguruko informazio guztia "datozen asteetan" emango dela ere.

Ulia Interpretazio Zentroa
Cristina Enea Fundazioak 2012az geroztik kudeatzen duen beste udal-ekipamendu bat da Ulia Interpretazio Zentroa. Bertan, Ulia bezalako naturgune berezi baten inguruko informazioa eskuratzeko aukera dago, historiari, geologiari eta ingurumenari loturikoa, bertako erakusketa iraunkorraren eta aldi baterakoen bidez. Astelehenean ateak irekiko ditu, baita ere, baina Ingurumen Baliabideen Etxeak bezalaxe, informazio-puntu soil gisa (ezingo dira bertako erakusketak bisitatu, ez eta komunak erabili ere). Harreran Ulian egin daitezkeen jardueren inguruko informazioa eskuratu ahalko dute bisitariek, hala nola, ibilbide autogidatuak, orientazio zirkuitoak, familientzako ariketak eta jolasak... betiere segurtasun eta osasun neurri berberak jarraituz (sarrera mugatua, maskararen erabilera...).

Ekainean larunbat eta igandetan egongo da irekita Ulia Interpretazio Zentroa, 11:00etatik 14:00etara, eta asteartetik igandera uztailean eta abuztuan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.