Berriak

2020/5/11 Ingurumen albisteak

Parkera itzulera

Ia ahaztuta geneukan bere txorien kantuaren edertasuna, zuhaitzen xuxurla haizearekin dantzan, euriaren magia Cristina Enea parkea osatzen duten bidexken gainera erortzean. Egunerokotasunak, abiadurak eta estresak gure munduan murgilarazi gintuzten, eta, egiazki garrantzitsua dena ahaztu genuen: gauza txikien mundua, xehetasunena, soiltasunarena; bizitzarena, azken finean, lehen opari onena.

Harik eta COVID-19 etorri eta gelditzeko agindu zuen arte. Gure etxeetan giltzapetu behar izan genuen, geure baitan murgildu, jendarteak hainbeste gal ez zezan, batez ere ahulenak babesteko, azken finean, gu geu baikara, guztiok, denok. Aste hauetako itxialdiak eta hausnarketak asko, asko, ekarri dute, gure bizitzak aldatu arte. Jada ezer ez da lehen bezalakoa izango, parkea izan ezik, distiratsu jarraitzen baitu, loretsu, bizitzaz beterik. Berak, ama naturaren bidez, bizitzaren edertasuna erakusten baitigu; gure egunerokotasunera inkorporatu ditugun betaurreko 'berriekin' ikustea nahikoa dugu, hala, ea iraunkortasuna, ekologia, birziklapena eta ingurumenaren zaintza betiko barneratzea lortzen dugun. Zaintzaren garrantziaz jabetu gara, inoiz baino gehiago. Planetak merezi duelako, behar dugulako.

Hainbat astez itxita egon ostean, Cristina Enea parkeko ateak zabalik daude. Goza dezagun, beraz, betaurreko 'berri' horiekin, bizitzak, ama naturak, eman digun planteamendu 'berri' horrekin. Den-denok irtengo gara garaile. Irabazi beharreko mundu polit bat baitugu, disfrutatzeko bizitza bete bat, gozatzeko parke oso bat.